Zeinu hizkuntzan egindako Laburmetraien I. Jaialdia egingo dute Leidorren

tolosa 2010eko azaroaren 17a

http://www.youtube.com/watch?v=k0e33cUJ2NQ

Zeinu hizkuntzan egindako Nazioarteko I. Laburmetrai Jaialdia aurkeztu zuten atzo Tolosako udaletxean. Bertan izan ziren Julian Rodriguez Jaialdiaren antolatzailea, Alberto Etxeberria Gainditzen elkarteko lehendakaria, Alvaro Ortega Euskal Gorrak federazioko lehendakaria eta Jokin Bildarratz Tolosako alkatea. Film laburrez gozatzeaz gain, gorren komunitateak zinemara joatean edo telebista aurrean dituzten arazoei buruz sentsibilizatzea da Jaialdiaren helburua.

Jaialdia etzi egun osoan zehar izango da eta bertan zeinuen hizkuntzan egindako hamabost film labur ikusi ahalko dira. Gehienek azpitituluak dituzte eta, beraz, zeinu hizkuntza ez dakitenek ere ulertu ahalko dituzte. Jaialdiaren amaieran sari banaketa egingo da. Espainiako hainbat lekutan, Herrialde Katalanetan, Italian eta Ingalaterran egindako laburmetraiak izango dira ikusgai.

Julian Rodriguezek azaldu zuenez, garrantzi handia du Jaialdiak: «Hainbat lekuetako pertsonak elkartuko gara, bai hemengoak, bai Espainiakoak, eta agian beste herrialde batzuetakoak eta asmoa da zeinu hizkuntzarekiko sentsibilizazioa egitea zinemaren bitartez». Orain dela bi urte saiatzen ari dira Jaialdia antolatzen eta Rodriguezek nabarmentzen duenez, «Euskal Herrian zein Espainia mailan egiten den lehena  da».

Jaialdiaren arduradunak gaineratzen duenez,  «helburu nagusia ez da bakarrik pertsona gorrek zinemaz gozatzea. Jaialdiarekin jakinarazi nahi dugu ere pertsona gorrek ditugun arazoak zinemara joaten garenean, hau da, ez daudela azpitituluak, edo telebista oraindik ez dagoela moldatuta guretzako».

Beste lekuetako pertsonak etortzea «arrakasta handia» izango dela dio Rodriguezek «eta horerk esan nahiko du urtero jaialdi hau antolatzen aritu gaitezkeela. Garbi dago jarraituko dugula lanean gorren komunitateak bere bizi kalitatea handitu dezan».

Zeinu hizkuntzaren ofizialtasuna

Alvaro Ortegak gaineratu zuenez, «guk nahi duguna zeinuen hizkuntza ofizal bezala onartzea da. Gorren komunitateak erabiltzen du batez ere. Komunitate txikia da eta esan daiteke hizkuntza gutxitua dela. Ofizialtasuna izateko borrokan air gara eta jarraituko dugu horretan».

Rodriguezen lana goraipatu zuen: «Balio handia du orain arte egin duen lan guztia. Jaialdi honekin erakutsi nahi duguna da zeinu hizkuntzak batez ere guretzat duen garrantzia. Horrez gain euskal kulturaren arlo ezberdinak bultzatu nahi ditugu ere». Ortegak Jaialdia arrakastatsua izatea espero du eta «guretzat pauso garrantzitsua izatea».

Jokin Bildarratzek Jaialdia antolatzeko lana ere goraipatu zuen. «Honen atzean dagoena da gorren eskubideak bermatuta izatea komunikazioaren aldetik», azaldu zuen. «Azken finean gizarte honetan komunikaziorik ez badago ez daude gure eskubide guztiak errespetatuta».

Ildo horretatik zeinuen hizkuntza ofiziala egitearen alde agertu zen. Bestalde, Jaialdia Tolosan antolatzea eskertu zuen, «horrek laguntzen duelako tolosarrak gai honen inguruan sentikorragoak izaten».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!