Egun seinalatu ugari ditugu egutegian. Badira, ospakizunerako direnak, eta hauek noiz etorriko irrikaz egon ohi da jendea, festa egiteko aitzakia baitira. Badira, halaber, protestarako eta aldarrikapenerako direnak. Hauen kasuan, egutegitik kentzen ditugun unea litzateke ospatzekoa. Hori gertatzen da azaroaren 25arekin. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egun izaten jarraitzen du 1981. urtetik. Garai hartatik lan handia egin da eta asko hobetu da egoera. Baina ez egutegitik kendu ahal izateko adina.
Bada, ohi bezala, gaiaren inguruan sentsibilizazioa bultzatzeko helburuz hamaika ekitaldi antolatuko dituzte erakundeek egun horren inguruan. Tolosako Udalaren kasuan, pasa den urtean egin bezala, gazteengan jarriko dute arreta berezia bultzatuko dituzten ekimenetan. Onintza Lasa Berdintasun zinegotziak adierazi bezala, "indarkeria sexista gure egitura sozialetan erabat errotuta dago, indarkeria mota hau era leun batean barneratzen hasten da; horrela osatzen da emakumeen izaera, eta horregatik baimentzen da hauekiko indarkeria fisikoa". Indarkeria sinboliko hori ideia okerretan oinarritzen dela dio Lasak, baina, ideia horiek oso zabalduta daudela eta naturaltzat hartzen direla: "Esaterako, beldur izaten ikastea, hauskor sentitzea, babestua izan beharra sentitzea, lotsatua edo errudun sentitzea sexu-eraso edo tratu txarrak jasatean eta nahiago izatea hori ukatu edo justifikatzea, gaia onartu eta kritikatu baino". Horregatik da garrantzitsua Berdintasun zinegotziaren arabera herriko gazte eta nerabeekin lan egitea, "indarkeriaren formarik leun, naturalizatu eta sozialki onartuenak ezagutu ditzaten eta horren aurrean hauskorrak izan ez daitezen".
Berdinsarearen iazko kanpainan erabilitako Beldur Barik izenburupean burutuko dituzte ekimenak aurten ere. "Izan ere, beldur barik esateak beldurra beldurra ukatzen du emakumeen kontrol-estrategia gisa, eta aitortzen du, era berean, Udal honek aukera eman behar duela emakumeak zenbait tresnaz jabetzeko, gaitz hori prebenitu eta nork bere burua defendatzeko". Gainera, gazteak "agente aktibo" izatera animatu nahi dituzte, "emakumeenganako edozein indarkeria mota errefusatu eta horren aurka egin dezaten".
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira Tolosako Udalak onarturiko adierazpena
Atzo eginiko ezohiko batzarrean aho batez onartutako mozioaren arabera, Tolosako Udalak politika aktibo, integral eta koordinatua garatzeko konpromisoa hartzen du berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka, eta arreta berezia jartzea emakume gazte eta nerabeek jasaten duten indarkeriarengan, modu eraginkorrean baliatu daitezen beldurrik gabe bizitzeko eskubideaz eta indarkeria sexistaren aurka defendatzeko aukeraz.
Horretarako, Udalak urtean zehar ekimenak bultzatuko ditu emakume gazteen partehartze aktiboa baliatuz, eta beldurrari eta hauskortasunari aurre egiteko behar dituzten baliabideak jarriko ditu euren esku, euren jabekuntza ahalbidetuz; era berean, gazteekin egin beharreko lana bultzatuko du, portaera sexistak prebenitzeko eta eraso matxisten aurrean jokaera aktiboa izan dezaten animatzeko.
Era berean, Tolosako Emakumekiko Indarkeriaren Aurkako Protokoloaren bidez sortuko diren prozesuetan aktiboki laguntzeko konpromisoa hartzen du Udalak, ikasketa, prebentzio, koordinazio eta interbentzio prozesuetan ahalik eta agente gehien inplika daitezen bultzatuz.
Eta azkenik, azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, herritar guztiak eta oso bereziki herriko gazteak gonbidatzen ditu antolatuko diren jardueretan parte hartzera, eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako sinboloa den aldetik, Puntu Lila publikoki erabiltzera.