Informazio eta Komunikazio Teknologien Asteak harrera ona izan du

Iñigo Terradillos 2010eko azaroaren 12a

Lehiberrik Tolosaldeko Lehiakortasuna eta Berrikuntzarako Foroak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailarekin, SPRIren bitartez elkarlanean antolatu duen Informazio eta Komunikazio Teknologien Astea gaur amaitu da. Bigarren urtez egin dute aurten, eta parte hartzaileen kopurua iazkoarekin alderatuz %32 handitu dela azpimarratu dute. Pasa den urtean 135 lagunek hartu zuten parte, eta aurtengoan, berriz, 178 izan dira, astelehenetik gaur arte eskualdean eskaini diren prestakuntza saioetan parte hartu dutenak. Datu horiek IKT Astea "egonkortu" dela erakusten dutela adierazi dute antolatzaileek.

Ekimen honen helburua eskualdeko enpresen topagune izatea da, "IKTak euren lantegietan ezartzea lehiakortasuna hobetzeko bide bezala" ikustearekin batera. Aurtengo jardunaldiei dagokienez, "eskualdeko enpresa sarean ikusitako beharreizanen arabera" prestatu dituzte. Horren ondorioz, pasa den urtekoarekin konparatuta, jardunaldi kopurua txikitu dute, baina eman direnen edukia luzatu eta sakondu egin dute. Hala, iaz ordu t´erdiko jardunaldiak eman bazituzten, aurten 4 orduko saioak izan dira. "Honekin enpresaren barruan dauden sail bakoitzerako bereziki prestatuta egon diren jardunaldiak aukeratu ahal izatea lortu dugu", adierazi dute. Administraritza, salmentak, marketina edota kudeaketa bezalako sailei zuzendutako jardunaldiak eman dituzte. Halaber, Nerabeak eta sare sozialak, Erreminta mugikorren inguruko berrienak, Zigilu digitalen erabilera eta on line tramiteak eta Blogak, komunikatzeko modu berri bat bezalako jardunaldiak ere eskaini dituzte.

Parte-hartzaileen %97,5ari jorratu dituzten gaiak interesgarriak iruditu zaizkiola azaldu dute, eta guztiek dutela IKT Astea berriro errepikatzeko asmoa. Adin tarteei dagokienez, Tolosaldeko IKT Asteak adin guztietako pertsonen interesa piztu du. Izan ere, 20 urte arteko parte-hartzaileak %16 izan dira; 21 eta 30 urte bitartekoak %27; 31 eta 40 urte bitartekoak %27; 41 eta 50 urte bitartekoak %18; 51 eta 60 urte bitartekoak %11; eta, 60 urtetik gorakoak %1. Horietatik, %60 dendariak dira, enpresariak edota enpresa mundutik etorritako langileak, eta gainontzeko %40 ikasleek, irakasleek eta langabezi egoeran aurkitzen direnak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!