Azaroaren 25a izango da Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna, eta Tolosako Udaleko Berdintasun sailak hainbat ekitaldi antolatu ditu egun horren harira. Lehena etzi izango da, Kultur Etxean, 16:00etatik aurrera. Bertan, Bilgune Feminista eta Emagin (Euskal Herriko Emakumeen Dokumentazio Zentroa) elkarteko Miren Aranguren eta Edurne Epeldek Euskal Herriko Mugimendu Feministaren Historiaz ariko dira. Feminismoaren historia aztertzea eta egungo egoerari eta erronkei erreparatzea izango du helburu Jabekuntza Eskolaren barruko tailer honek.
Euskal Herriko mugimendu feministari buruzko informazioa lantzen hainbat urte igaro dituzte Arangurenek eta Epeldek. Josebe Iturrioz Udaleko berdintasun teknikariak azaltzen duen bezala, "oso gertutik ezagutzen dute mugimendu feministaren historia eta oso lan polita egiten dute hori azaltzen". "Feminismoa Euskal Herri mailan kokatzen dute, eta gure gertuko historiari errepasoa ere ematen diote, izan ere, askotan gertuen duguna ez dugu ezagutzen", azaltzen du Iturriozek. Beraz, 80 eta 90. hamarkadari erreparatuko diote bereziki, eta era berean, egun feminismoan dauden erronkak ere azalduko dituzte.
Ikastaroa etzi, larunbatean, izango da, baina ziurrenik bigarren atal bat ere izango du. Josebe Iturriozek azaltzen duen bezala, "larunbatean parte hartzen dutenen artean adostuko dute bigarren zatia noiz egin". Parte hartu nahi dutenek etzi arratsaldean Kultur Etxera azaldu besterik ez dute egin beharko.