Tolosaldea Sahararekin elkarteak larunbat honetan, hilaren 13an Tolosako Trianguloa plazan, 11.30ean egingo duen elkarretaratzean parte hartzera animatzen ditu herritarrak. Mendebaldeko Saharan azken egunetan gertaturikoa salatu eta sahararrei elkartasuna adieraziko diete ekimen honen bidez.
Elkartetik azaltzen dutenez, Aaiungo kanpoaldean osatu zuten Agdaim Izik kanpalekua "duintasuna eta adorea ezaugarri dituen herri baten enegarren ekintza izan da". "Sahararrak baketsuak direla utzi dute agerian, hilabete batez luzatu den erresistentzia ekintza horren bidez, eta erantzuna ankerra izan da: haurrak, emakumeak eta adineko jendea nagusi zen kanpalekua basakeriaz suntsitu dute indar armatu marokoarrek". Tolosaldea Sahararekin elkarteak dioenez, "gerraren bidea sustatu nahi izan dute zibilen kontrako sarraskia eraginez". Horrez gain, Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko negoziazioak zapuztea zutela helburu diote. "Fronte Polisarioa negoziazioak etetearen erantzule egin nahi zuten, baina agerian geratu da bakearen bidea nork babesten duen".
Horregatik guztiagatik deitu dute larunbaterako elkarretaratzera, "aski dela esateko, herri sahararrari askatasunaren bidean inoiz ahaztuko ez dugula gogorarazteko, Nazioartearen hipokresia salatzeko eta behingoz gatazka honetan duen erantzunkizunari hel diezaion eskatzeko". Maroko Saharatik at, autodeterminazioa eta independentzia Mendebaldeko Sahararentzat lemapean burutuko dute protesta ekintza.