Oroimen historikoari buruzko gogoetak eta errealitateak "isilaraztea" egotzi dio Ahaztuak elkarteak Jokin Bildarratzi

tolosa 2010eko azaroaren 8a

Ahaztuak 1936-1977 (Estatu Kolpearen, errepresioaren eta erregimen frankistaren biktimak) elkarteak "Tolosan ekitaldiak antolatzeko baimena ukatu izana" salatu du. Hain zuzen ere, "oroimenaren eta egiaren aldarrikapena, frankismoko eta 1936tik 1977ra erregimen horren aurka borrokatu zuten biktima guztien erreparazioa eta justizia bilatzen zuten" bi ekitaldi antolatu nahi zituzten hilaren 10ean eta 13an, baina elkartetik adierazi dutenez, "Jokin Bildarratz Tolosako alkateak debekatu egin ditu".

Ahaztuak elkartetik diotenez, udaletxeko batzar aretoa eskatu zuten hilaren 10erako 'Memoria egin, justizia egin' izenburupean mahai-ingurua burutzeko eta Trianguloa plaza, berriz, hilaren 13rako oroimenaren inguruko ekitaldi publiko bat egiteko. "Debekatu egin zizkiguten biak, eta horregatik, lekua aldatu genuen, Zerkausira, hain zuzen, baina hori ere debekatu zuten, handik egun batzuetara emandako erantzunean", azaldu dute. Kultur Etxea ere eskatu zuten ekitaldiak antolatzeko, baina eskaera hori ere ukatua izan zela salatzen dute elkartetik. "Azaroaren 8tik 14ra bitarteko astean hainbat ekitaldi antolatzekoak direla Tolosan, eta horregatik ezin zirela guk eskatutako leku publikoak erabili esan ziguten Udaletik". Hori jakitean alkatearen idazkariarekin jarri zen harremanetan Ahaztuak elkartea "erantzunak jaso asmoz". "Jokin Bildarratz alkatearen erabakiz, gauzak ez nahaste aldera, egun horietan Udalak antolaturiko ekitaldiak soilik baimenduko zirela argudiatu zuten".

Bada, gertakari horien aurrean, Ahaztuak elkartetik, euren eskaerei erantzuna emateko igarotako "denbora luzea" salatu dute, "are gehiago eskaera ukatuko zutela hasieratik zekitelako". Bestetik, "herriko leku publikoak erabiltzeko eskubidea" aldarrikatzen dute, "herritar guztiek bezala gure zergekin ordaintzen ditugulako, eta leku horietan adierazpen askatasuna exijitzen dugu".

Bestalde, Ahaztuak elkartekoen arabera, Udalak oroimen historikoaren eta biktimen inguruan antolaturiko ekitaldiek "hutsuneak dituzte, eta frankismoaren biktimentzat iraingarria dena gorde eta leundu nahi dute, biharko egunean biktima bezala diktadura frankistaren ordezkari politiko eta polizialak omenduko dituztela, alegia". Ahaztuak elkartekoen ustez, "Tolosako Udaletik eta alkatearen erabakiz, bere biktimen bertsioak inolako kontrapunturik ez izatea eta horiek isilaraztea nahi dute, eta gutxiago beste edo kontrako iritziak publikoan agertzea".

Horregatik, "Udalaren jarreraren erantzun eta protesta gisa", aurreikusita zituen ekitaldiak antolatuko ditu Ahaztuak elkarteak. Hala, Memoria egin, justizia egin' mahai ingurua, bihar izango da, Lizardi elkartean, 19:30etik aurrera, Martxelo Otamendi kazetaria, Joxean Agirre Euskal Memoria fundazioko kidea eta Martxelo Alvarez Ahatzuak elkarteko kidearekin. Hilaren 20an, bestalde, ekitaldi publikoa egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!