Zahartzaro Duina plataformak 60 adineko gutxiagorentzat dagoela tokia salatu du

Iñigo Terradillos 2010eko azaroaren 8a

Zahartzaro Duina plataformak salatu duenez, gerontologiko zaharra zegoenean baino toki gutxiago dago egun adinekoentzat, "60 plaza gutxiago", hain zuzen. Ondorioz, "berriro ere itxaron zerrendak" daudela adierazi dute.  Plaza horiek "beharrezko" izaten jarraitzen dutela esan dute, "horrela erakusten baitu itxaron zerrendak, eta hutsik dauden plaza pribatuek".

Plataformakoek eman dituzten datuen arabera, Euskal Herria plazan zegoen gerontologiko zaharrean 64 plaza publiko zeuden, San Cosme eta San Damian zentroan 46 eta Iurreamendin 165. Denera, beraz, 275. Une hartan ez zegoen plaza pribaturik. "Egun, berriz, zentro berrian 68 plaza publiko daude eta 25 pribatu, eta Iurreamendin 147 plaza publiko. Denera, beraz, 215 plaza publiko eta 25 pribatu daude".

Halaber, Zahartzaro Duina plataformako kideek herritarrak zoriondu nahi izan dituzte herriak duen zentro berriarengatik. Eta, "euren parte-hartze zuzenagatik izan ez balitz" zentro berria ez luketela sekula eraikiko adierazi dute. "Gerontologiko zaharra itxi zutenean Udalak eta Diputazioak Tolosak egoiliarrentzat gehiegizko plaza kopurua zuela argudiatu zuen", esan dute. Hura itxi zutenean, baina, "ordura arte herri honetan izan ez ziren itxaron zerrendak" sortu zirela, eta "bizilagunen presioak derrigortuta" erabaki zutela zentro berria eraikitzea azaldu dute plataformako kideek.

Zentro berriarekin, ordea, adinekoentzat toki gutxiago dagoela diote, eta ondorioz "12 hilabeterainoko itxaron zerrendak". "Horrela dauden aiton-amonei geratzen zaien aukera bakarra plaza pribatu bat eskatu eta 384.000 pezeta hilean ordaintzea da". Honen guztiaren aurrean, "itxaron zerrenden arazoari" irtenbidea ematea eskatzen diete Udalari eta Diputazioari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!