Beste hainbatetan egin duten bezala, Amarozko Auzo Elkarteak herritarren partaidetzarako espazio berri bat ireki du. Kasu honetan, auzoko sarrera eta irteerei buruz eman beharko dute iritzia amaroztarrek.Auzotarrek hartu zuten erabaki batean oinarrituta, proiektu bat egin zuten Amarotz eta Tolosako hirigunearen arteko trafikoa eta oinezkoen bidea hobetzeko, eta horren arabera, egun dituen sarrera-irteerak aldatu egingo lirateke. Foru Diputazioak, baina, "arrazoi teknikoak tarteko", proiektu hartan aldaketa batzuk egin ditu, eta Udalak berak ere egon daitezkeen aukerak planteatu ditu. Hain zuzen ere, aukera horiek dira, Amarozko Auzo Elkarteak bizilagunen artean kontsultatuko dituenak.
Helburu horrekin bi panel informatibo jarriko dituzte kalean, eta auzotarrek euren iritzia eman ahal izango dute bertan. Ekarpenak jasotzen dituztenean, gehiengoaren iritzia baieztatzeko bilera egingo dute, eta ondoren Udalari jakinaraziko diote emaitza.
Elkartekoen iritziz, "auzoko sarrerak eta irteerak hobetzeak garrantzi handia badu ere, pareko garrantzia du auzotarren parte hartzeak, eta horregatik da funtsezkoa arduraz jokatu eta inplikatzea auzoaren etorkizunean eragin handia izango duelako".