Gehigarria: Gastronomia

Orexa, oparotasunaren bidean

Ataria 2025eko azaroaren 7a

Duela 30 urtetatik gaztagintza da Orexaren bihotza eta motorra. Herria biziberritzeko helburuarekin sektorearen aldeko apustua egin zuten, eta haren bueltan antolatu dute herri proiektua; besteak beste, energia kooperatibarekin edo ostatuarekin etorkizun bat marrazten ari dira.

Zaila dirudi plater bakar batean herri oso bat kabitzea baina hori lortzen dute Orexako Ostatuan. Mokadu bakoitzean dastatzen du mahaikideak herri euskaldun, iraunkor eta bizi baten zaporea, eta nabari du ahoratutakoaren atzean badela komunitate oso bat auzolanean, euren biziraupenaren alde borrokan eta, aldi berean, mundura zabalik, direna harro erakusteko ahaleginean. Orekan dabiltza Orexan; ugaritasunaren eta eskuzabaltasunaren, oparotasunaren bi adieretan dantzan. 

Ostatua udalerriko puntu neuralgikoa da, kulturaren, herriko produktuen eta gastronomiaren erakusleihoa. Orexa bertako eta inguruko produktuekin egiten dute jatorduetarako eskaintza. Ulizar menuan, oso modu onean, arrakasta handia dute, esate baterako, tripakiek edota Orexako ardi gisatua edo sasi-ardi arkume errearen platerek. Oso toki gutxitan eskaintzen dituzte horrelakoak.

Km0 filosofiarekin lan egiten dute eta herriko bertako produktuak, edota ingurukoak erabiltzen dituzte. Oihan Txiki kooperatibako gazta baliatzen dute menurako, entsaladak egiteko edota rissotoa –gazta urdinarekin– prestatzeko. Aldiro-aldiro gaztandegian egiten dituzte produktuak plater berriak asmatzeko erabiltzen dituzte. Dastatzeko bakarrik ez, kooperatibako gaztak salgai egoten dira ostatuaren albo batean dagoen dendan. 

Denda, erakusleiho

Herriko produktuak eta eskualdekoak betetzen dituzte dendako apalak. Zabalik izaten da ostatua irekita dagoen bitartean. Bertan topatuko ditu erosleak, adibidez, Lizartzako edo Isastegiko sagardoa. Bi sagardotegi horietan Orexako gazta ematen dute postrerako eta trukean eta elkarren laguntzan sinesten dutelako, ekonomia zirkularra bultzatzen saiatzen dira Orexatik.

Asmo horrekin jarri zuten martxan duela 30 urte Oihan Txiki kooperatiba eta gaur egun 10 lagun aritzen dira gaztandegian lanean. Idiazabalgo gazta naturala eta ketua ekoizten dute gehienbat, baina azkeneko urteetan ari dira bide berriak urratzen; gazta urdina, Anakar eta Otzara gaztak egiten dituzte, esate baterako.

Gazta asko ekoizten ditu urtean kooperatibak eta denak saltzen ditu. Merkaturatzearen zati bat, eskualdeko eta inguruko saltoki txikietan egiten dute eta beste parte inportante bat herriko dendan. Gaztagileentzat erakusleiho ederra da. Ostatuko arduradunek plateretan ez ezik, probatzera ere ematen dute eta beharrezko azalpenak ematen dizkiete bisitariei. Besteak beste, azaltzen diete kooperatibako artaldeari esker daudela hain ondo zainduta inguruko parajeak; ardi horien esnearekin egindako gaztaz gain, paisaia ere ekoizten dutela herriko gaztagileek.

Zerbitzu osatua ostatuan

Euskal Herriko aitzinako herrien nortasuna mantentzen du Orexak. Baserriz osatutakoa da, eta nola ez larre berde, mendi tontor eta basoez inguratuta dago. Lehen sektorea eta euskal kultura bizirik mantentzen dituzte bertan. Hiru ibilbide prestatuta dituzte inguru naturala ezagutzeko, baita herriko gaztagintzara gerturatzeko eta, noski, Orexako zaporeak dastatzeko ere.

Bost urte eta erdi daramatza lanean Orexako Ostatuko lan taldeak eta xume hasitako bidea oparoa izaten ari da. Asteburu gehienetan bete egiten dute jantokia. Gainera, herritarrek erabili behar ez dutenetan, ostatuko ganbara ere erabiltzen dute zerbitzua emateko, nagusiki, talde eta enpresentzat. Edozein motako ekitaldi antolatzeko instalakuntzak dituzte egokituta.

Asteburuetan jendea erruz gerturatu arren, otordu kopurua mugatu egiten dute, ez baitute bisitari uholdeak herritarren martxa oztopatzea nahi. Oreka da Orexako sekretua. Ostiral, larunbat eta igandeetan ateratako irabaziek bermatzen dute zazpi laguneko lantaldearen sostengua eta ostatua egunero zabalik mantendu ahal izatea. Orexarrentzat eta inguruko herrietakoentzat menu aukeraz gain, plater konbinatu, errazioak eta pizzak ere eskaintzen dituzte. Larunbat gauetan Araitz bailaratik edo Tolosaldetik gazte asko gerturatzen zaizkie afaltzera.

Bilgunea herriarentzat

Garrantzitsua da Orexako herriarentzat ostatua, bilgune bezala funtzionatzen duelako. Han biltzen dira astean zehar herritarrak eta belaunaldiarteko harremanak sustatzen dituzte. Adinekoak bertan egiten dute arratsalde pasa eta haiekin elkartzen dira gero gazteak eskolatik herrira itzultzerakoan. Transmisio lana bermatzeko espazioa ziurtatzen die ostatuak. Toki bat baino gehiago da.

Herri proiektu batean txertatuta dago ostatua eta hitzarmen bidez babesten du udalak haren jarduna. Ikuspegi oso horri jarraituta jarri zuten martxan, adibidez, herriko energia komunitatea, Gipuzkoan aitzindaria dena; berriztagarrien bidez lortutako aurrezpenari esker bideragarriago dira herriko gainerako proiektuak, ostatuarena barne.

Aurreztutakoa beste hainbat ekimenetara bideratzea ahalbidetzen die herritarrei, esate baterako, hilean behin ostatuko ganbaran antolatzen den Ostiral Kulturalak proiekturako. Urteotako ibilbidean liburu aurkezpenak, bakarrizketak, antzerki emanaldiak eta kontzertuak antolatu dituzte arrakasta handiz. 

Oparotasuna, ugaritasunaren sinonimotzat har daiteke eta orexarrak kontziente dira ez direla asko, kopuruan ez dutela irabaziko. Konturatuta daude, ordea, txikitasun horretatik abiatuta gauza handiak egin ditzaketela, beti ere, elkarrekin egiten badituzte. Oparotasunak, izan ere, badu beste esanahi hori, eskuzabaltasunarena. Eredua, argi dago, emankorra zaiela.

OSTATUA

OIHAN TXIKI KOOPERATIBA

ENERGIA KOOPERATIBA

  • E-posta. emaioz@orexa.eus

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!