Orexarrek energian 14.000 euro aurreztuko dituzte urtero

Ataria 2020ko aza. 24a, 11:58

Frontoiko teilatuan 100 eguzki panel jarri dituzte herritarren kontsumoaren erdia produzitzeko helburuarekin; herritarrentzat eta negozioentzat izango da.

Urte hasieran ekin zioten subiranotasun energetikoa lortzeko bideari Orexan. Ostatuko teilatuan 45 eguzki panel jarri zituzten bertako erabilerarako, eta orain beste pauso bat gehiago eman dute: herritarrentzat eta bertako negozioentzat energia sortzen duten 100 panel jarri dituzte frontoiko teilatuan.

68 kWp energia sortzen dute plaka horiek, eta ostatukoak bezala, hauek ere bateria gabeak dira. Eneko Maioz Orexako alkateak azaldu duenez, hasieran sorkuntzari, ahal den gehiena sortzeari eman nahi diote garrantzia eta aurrerago landuko dute energia hori nola aprobetxatu. Plaka berriekin, herriko 50 puntutan banatuko dute energia. Goiener enpresak eraman du aurrera proiektua eta guztira, 65.000 euro inguru kosta zaie instalazioa.

Frontoiko plaka horiek sortuko duten energiaren inguruan bilera bat egin du asteburuan Orexako Udalak herritarrekin. Instalazio berriak sortuko dituen aurrezpenak herritarren artean nola banatu adostu dute: "Orexa Bizirik proiektuaren logikari jarraituz, herritarrek lehentasuna bertako negozioei eman diete, eta horrez gain, herritarrek ere izango dute beraien aurrezpen zatia; neurri horretan, behar gehien duten herritarrek aurrezpen handiagoa izango dutela erabaki da". Hori horrela, herritar bakoitzak sortzen den energia guztiaren %1aren aurrezpena izango du, behar gehien duten herritarrek eta udal eraikinek %5ekoa, elkarteak %7koa eta Oihan Txiki kooperatibak %20koa.

Aurretik, herritar guztiei azterketa bat egin zaie, bakoitzak beharrezko dituen tarifak egokiak ote dituzten ikusteko. Alkateak argitu du, horrekin, herri guztian 5.500 euroko aurrezpen bat edukiko dutela, eta horrez gain, frontoiko plakek sortzen dutena dirutan kalkulatuz, 7.500 euro aurreztuko lituzketela urtean: "Urtero, beraz, 14.000 euro aurreztuko ditugu orexar guziok energian".

Orain, azken fasea falta zaie egiteko. Hasiera batean Urrutxugain auzoan egitea aurreikusi zuten, baina garestia dela argudiatuta, Oihan Txiki kooperatiban egitea aztertzen ari dira, arditegietako teilatuetan. Datorren urtean egingo dute fase hori. 

Horrez gain, kooperatiba energetiko bat sortzeko aukeraz ere aritu dira bileran. Maiozek azaldu du herritar guztien, negozioen eta udalaren artean kooperatiba energetikoa sortzea aztertzen ari direla, "sortzaileak eta erabiltzaileak herritarrak izateko aldi berean". "Nolabait esateko, Goiener txiki bat egingo genuke", esan du. Legez arautua badago ere, oraindik garatu gabe dagoela dio, eta ekainerako garatzea aurreikusten dutenez, orduan ekingo diote asmoari. "Oso proiektu berritzailea da, eta herritarrak eta herriko negozioak babesteko tresna bat izango da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!