Instalazio fotovoltaikoa egiteko lehiaketa jarri dute martxan

Ataria 2020ko irailaren 16a

2014an berritu zuten Orexako pilotalekua.

Irailaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dira memoria teknikoa eta proiektua, aurrez aurre, Orexako udaletxean.

Orexako frontoiko teilatuan instalazio fotovoltaiko baten horniketa eta muntaketa egiteko lehiaketa jarri dute martxan. Proposamenak aurkezteko azken eguna irailaren 25a izango da, 14:00etan. Nahitaez aurrez aurre aurkeztu beharko dira eskaintzak Orexako udaletxean.

66kW-ko autokontsumo kolektiborako eguzki instalazio fotovoltaiko bat instalatu, erregistratu eta martxan jartzeko proiektua atera dute lehiaketara. Zehazki, diseinu optimizatu bat bilatu nahi dute, kontsumo efizienteagoa, jasangarriagoa eta, aldi berean, ekonomikoena izango duena. Autokontsumo moduan energia emateko gai izan daitekeen proiektu bat nahi dute, 42 hornidura punturen beharretara egokituko dena.

Irailaren 25a aurretik aurkeztu beharko dira memoria teknikoa eta proiektua. Esleipenerako honako irizpideak hartuko dira kontuan: besteak beste, instalatu beharreko ekipoaren ezaugarri teknikoak, ezarpen proposamenaren xehetasun maila, bermerako mantentze zerbitzua, softwarearen funtzionalitate guztiak eta hobekuntzak.

Lizitazioaren oinarrizko kopurua 70.561,28 eurokoa izango da, BEZa kanpo, eta obra lanak 90 egunetan egin beharko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!