Oihan Txiki, Orexako enbaxadore munduan zehar

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 17a, 08:57
Argazkiak: Orexako Udala

Oihan Txiki kooperatibak World Cheese Awards sariketan lortutako urrezko dominaren harira, lorpenagatik zoriontzeko eta egindako lana eskertzeko ekitaldia egin zion Orexako herriak, ostiralean.

Oihan Txiki kooperatibak ekoizten duen Idiazabal jatorrizko gaztak Norvegiako Bergen hirian egin zen World Cheese Awards sariketan urrezko domina eskuratu zuen azaroan. Lorpena aitzakiatzat hartuta, Orexako Ostatuan eskertze ekitaldia egin zuten pasa den ostiralean herritarrek antolatuta.

Josune Malkorrak, Oihan Txikiko ordezkariak, eskerrak eman zizkien herritar guztiei emandako babesagatik: «Orexa, landa herria da eta ezinbestekoa da lehen sektorea indartzea, hori baita landa herrien ezinbesteko funtsa».

Antzeko bidetik jo zuen Eneko Maioz alkateak ere. Orexa Bizirik herri proiektua izan zuen ardatz. «Urtebete da Orexako Ostatua ireki zela. Hau Orexa Bizirik herri proiektuaren zutabe oso garrantzitsua da, baina gaur beste zutabe batek ekarri gaitu hona Oihan Txiki kooperatibak». Oihan Txikik herri mailan egindako lanak aipatu zituen Maiozek, «lehen sektorea indartzea, bertako enpleguaren sorrera eta herria txukun mantentzea» aipatu zituen, besteak beste. Horrez gain, Oihan txiki kooperatibak herriari egiten dion enbaxadore lana goraipatu zuen Maiozek: «zuek zarete Orexako enbaxadorerik onenak, eta gure herria munduan ezagutarazteko sekulako lana egin duzue».

Orexa herriak bizirik iraun dezan, horrelako ekintzak «ezinbesteko» dituela esanez amaitu zuen bere hitzartzea Eneko Maiozek: «Orexak herri dinamikoa eta erreferentziala izan nahi du gai batzuetan, bere herritarrak bizi diren lekuaz harro egon daitezen. Hau ezinbestekoa da, herrian ditugun gazteak herrian bere bizi proiektua martxan jartzeko erabakia har dezaten».

Ekitaldia, trikitilariek eta DJ Txokok girotu zuten, eta bitartean, gazta sariduna dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!