Eskualdeko sei gaztagile saritu dituzte Munduko Gazta Sariketan

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 6a, 18:16

Amezketa, Asteasu, Berastegi, Orendain, Orexa eta Tolosako sei gaztandegi saritu dituzte Norvegiako Bergen herrian ospatutako Munduko Gazta Sariketan. Guztira 10 domina eskuratu dituzte.

41 herrialdetako 3.500 gazta aurkeztu dituzte aurtengo World Cheese Awards lehiaketara, Munduko Gazta Sariketa garrantzitsuenera. 250 dastatzailek osatu dute epaimahaia, eta eman berri dituzte epaiak. 66 euskal gazta saritu dituzte, eta eskualdean bada sariturik. Sei gaztandegi saritu dituzte, eta guztira 10 domina ekarri dituzte Tolosaldera:

Oihan Txiki, Orexa

Hainbatetan eskuratu dute saria lehiaketan orexarrek, eta kooperatibako Josune Malkorrak azaldu duenez, "oso gustura" daude: "oso pozgarria da egiten duzun eguneroko lana saritzen duelako". Bi gazta aurkeztu zituzten sariketara, eta urrezko domina eskuratu dute jatorrizko izendapenaren alorrean. "Gazta naturala da keetu gabea, abuztuan eginikoa, zaporea ez du gogorra, zapore garbia uzten du, eta ondorenean uzte du arrastoa. Gustatu zitzaigun eta hori aurkeztu genuen lehiaketara", esan du.

Josune Malkorra, Oihan Txiki kooperatibako langilea

Goine, Asteasu

Asteasuarrek ere maiz hartu dute parte sariketan, eta aurtengoan, bi domina eskuratu dituzte, urrea heldutako ardi gaztagatik eta jatorrizko izendapenaren sailean brontzea. Lau gazta aurkeztu zituzten sariketara. Goinetik azaldu dutenez, "oso polita" da jakitea sarituak izan direla gaztak. Gainera, euren gazta guztiak lehiaketa honetan sarituak izan diren arren, lehendabizikoz eskuratu dute urrea. 10 urte daramatzate gaztagintzan, eta horrelako sariek, bereziki Euskal Herritik kanpoko merkaturako laguntzen dutela azaldu dute.

Goine Baserriko Joseba Otegi artzaina

Martin Txiki, Tolosa

Tolosako Montezkue auzoko Martin Txiki baserriak hiru gazta aurkeztu zituen lehiaketara, eta hirurak saritu dituzte. Zilarrezko bi eskuratu ditu, heldutako eta ketutako gazten mailan. Jatorrizko izendapeneko gazten artean, berriz, brontzezko domina eskuratu du. 2007. urtetik urtero irabazi dute sariren bat lehiaketa honetan, 2016an Donostian ospatu zen edizioan izan ezik.

Martin Txiki baserriko Pedro Zuzuarregi, artxiboko irudian.

Gazpio, Berastegi

Jose Inazio Ugartemendia Jauregi berastegiarraren Gazpio gaztak bi domina lortu ditu aurtengo lehiaketan. Maila bat baino gehiagotan hartu du parte aurten: «Ketu bat eta hiru gazta natural bidali nituen, baina oraindik ez dakit zein mailatan lortu ditudan bi dominak», azaldu du. Zilarrezko domina eta brontzezkoa irabazi ditu berastegiarrak. 2016an aurkeztu ziren, lehen aldiz, lehiaketara eta orduan ere kolore bereko bi domina jaso zituen. Iaz, berriz, urrezko bi eta zilarrezko bat eskuratu zituen.

Jose Inazio Ugartemendia, 2016. urtean.

Zelaieta, Orendain

Orendaingo Zelaieta Baserriak Aralarko mendietan egindako hiru gazta bidali zituen World Cheese Awards lehiaketara, eta horietako bik jaso dute saria: zilarrezko bat eta brontzezko beste bat. 2016an jaso zuten lehen saria, brontzezko domina bat; iaz, berriz, lau sari lortu zituen: urrezko bat, zilarrezko bat eta brontzezko bi.

Maider Murua, Joan Mari Garmendia eta Joxe Antonio Garmendia, 2016an.

Larte, Amezketa

Arantza Garaiburu berastegiarrak Amezketan ekoizten du gazta orain. 2008an hasi ziren ekoizten, eta ordutik hainbatetan lortu izan ditu sariak Munduko Gazta Sariketan. Tartean, 2010. urtean Super Gold edo urrezko sari gorena eskuratu zuen. Joan den urtean, esaterako, brontzezko domina bat lortu zuen. Aurten, berriz, zilarrezko domina lortu du Jatorrizko Izendapenen artean, gazta naturalen mailan. Horrez gain, duela hiru aste Lleidako La Seu d'Urgel herrian egiten den azokan brontzezko domina eskuratu zuen duela hiru aste.

Arantxa Garaiburu gaztagilea, Tolosako Azokan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!