Guatemalako errealitatera gerturatzeko aukera, Orexako Ostatuan

Ataria 2018ko otsailaren 15a

Orexako Ostatuak Ostiral Kulturalak bezala batailatu duen ekimena abiarazi du, eta lehen ekitaldia hilaren 23an izango da. Guatemalako Lolita Chavez ekintzailea gonbidatu dute eta hitzaldia eskainiko du. Aurrez afaltzeko aukera ere egongo da.

Afaria 20:30ean izango da eta izena aurrez eman behar da 943 68 22 90 telefono zenbakira deituta. Hitzaldia gero izango da, 22:00etan.

Ez da Lolita Chavez Euskal Herrian egiten duen egonaldi bakarra, aurrez ere hainbat hitzaldi eskaini izan ditu. Chavezek (Santa Cruz del Quiche, Guatemala, 1972) hainbat mehatxu eta eraso jasan izan ditu Guatemalan enpresa handien interesen kontra eta herritarren alde egiteagatik. Pasa den ekainaren 7an, meategi baten aurkako ekinaldi batetik zetorrela, gizon talde armatu bat bera hiltzen saiatu zen ere. Mendira ihes egin zuen, eta hainbat lagunen eta ekintzaileren laguntzaz ihes egitea lortu zuen, eta ondorioz, Emakumeen Mundu Martxak gonbidatuta Euskal Herrian ematekoak zituen hitzaldiak bertan behera utzi behar izan zituen. Izan ere, bere bizia arriskuan ez jartzeko, ezkutuan egon behar izan zuen, baina orain helburu du Europan ezagutaraztea bere herriko egoerari aurre egitearren kitxe herria egiten ari den borroka. Lan horregatik, Ignacio Ellakuria saria eman diote aurten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!