Kontsumitzaileen segurtasuna bermatzeko «kontrol zorrotzagoak» hartzeko prest azaldu da Oihan Txiki

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 7a, 09:53

Orexako Oihan Txiki kooperatibako kideek azaldu dute "asko sentitzen" dutela gertatutakoa. Era berean, "gure kezka erakutsi nahi diogu kutsatutako pertsonari". Izan ere, Eusko Jaurlaritzak kooperatibaren Aiako plantan ekoitzitako pasta biguneko gazta guztiak erretiratu ditu merkatutik, Madrilen meningitis kasu bat atzeman eta gero.

Oihan Txiki kooperatibak merkatutik zein gazta kendu diren azaldu nahi izan du. Hain zuzen, Orexako kooperatibak Aian duen plantan egindako Gutizia, Txuria eta Beltza gaztak kendu dituzte. Gutizia ardi esne gordinarekin egindako gazta da; Txuria ardi esne gordinarekin egindako pasta biguneko gazta da; eta Beltza ardi esne gordinarekin egindako gazta zilindroa da. "Oihan Txikik Orexan urtetan zehar egin dituen beste gazta guztiak, Idiazabalak tarteko, inolako arazorik gabe kontsumitu daitezke", esan dute.

Kooperatibako kideek gertatutakoa asko sentitzen dutela nabarmendu nahi izan dute eta listeria monocytogenes bakterioagatik kutsatutako pertsonari euren kezka helarazi nahi izan diote. Madrilen kutsatu da hain justu, pertsona hori eta horregatik hartu du erabakia Jaurlaritzaren Osasun sailak eta Espainiako Kontsumorako, Elikadura Segurtasunerako eta Nutriziorako Agentziak.

Kutsadura ikusita Oihan Txikik banatzaile guztiei bidalitako eta kutsatuta egon daitezkeen sortak identifikatu ditu eta banaketak gelditzeko eskatu. Era berean, gazta horien laginak hartu ditu azterketarako. "Osasun saileko arduradunei kasuaren berri eman zaie, beharrezko txosten eta analitika guztiekin batera", gaineratu dute.

Ildo horretatik, Osasun sailarekin elkarlanean ari direla esan dute "industria-prozesuaren eta kalitate-kontrolen inguruko informazio guztia bere esku jartzeko". "Prebentzio neurri gisa, eta Osasun sailak aholkatu duen moduan, kontsumitzaileei eskatu nahi diegu, aipatutako produktuak izatera, ez kontsumitzeko, eta kontsumitu badituzte, osasun-zentrora joateko ezohiko sintomarik sentituz gero".

Horiek horrela, aurrerantzean ere Osasun sailarekin elkarlanean jarraituko dutela esan dute, horrela "produktu horien eta gure produktu guztien kalitatea zaintzeko, eta zentzu horretan, konpromisoa hartzen dugu geroz eta kontrol zorrotzagoak ezartzeko gure kontsumitzaileen segurtasuna bermatzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!