Oihan Txiki-ko gaztak merkatutik kendu ditu Jaurlaritzak Madrilen meningitis kasu bat atzeman ostean

Ataria 2018ko otsailaren 6a

Pasta biguneko gaztak erretiratu dituzte, ez Idiazabal izendapenekoak.

Orexako Oihan Txiki kooperatiban egindako pasta biguneko gaztak erretiratu ditu Osasun sailak, ez da Idiazabal gazta.

Jatorrian listeria monocytogenes bakteria zuen meningitis kasu bat atzeman dute Madrilen —gaixoa sendatzen ari da—, eta Orexako Oihan Txiki kooperatibak ardi gazta gordinarekin egiten dituen pasta biguneko gaztak sorta guztiak merkatutik kentzea erabaki du Jaurlaritzak. Gutizia, Txuria eta Beltza izeneko gaztak kendu dituzte merkatutik, Osasun Sailaren arabera. Eusko Jaurlaritzak, era berean, etxean gazta hori dutenei botatzeko eskatu die; eta jan badute, medikuarengana joateko, zerbait ezohikoa sentitzekotan.

Espainiako Kontsumorako, Elikadura Segurtasunerako eta Nutriziorako Agentziak berri eman du Euskal Herrian ekoitzitako ardi esne gordindun gazta baten ondorioz meningitis kasu bat atzeman dutela. Gazta Oihan Txiki kooperatibak ekoitzitakoa dela ondorioztatu ondoren erabaki du Jaurlaritzak hura merkatutik kentzea. Gazta horiek Euskal Herrian ez ezik Katalunian eta Madrilen ere saltzen dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!