Unsalu berrin zentralizatu dituzte zerbitzu guztiak

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mar. 27a, 11:40

Udal bulegoak, artxiboa eta gizarte zerbitzuak daude jada, eraikin berrituan. Inaugurazioa gaur izango da, 19:00etan. Unsalu berri eraikinaz gain, hilerrian errautsak gordetzeko prestatu duten tokia erakutsiko diete herritarrei.

Urte beteko lanek fruitua eman dute jada. Orexan orain arte, banatuta zituzten herriko zerbitzuak, eta orain denak zentralizatu dituzte Unsalu berri erakinean. «Eraikina libre geneukan eta erabaki genuen herrian zeuden zerbitzu guztiak hemen zentralizatzea», esan du Eneko Maioz alkateak.

Eraikina plazaren ondoan dago, udaletxe zaharretik oso gertu. Beheko solairuan jarri dituzte udal bulegoak, lehen solairuan berriz, gizarte zerbitzuetako mankomunitateko bi bulegoak daude eta azken solairuan udal artxiboa dago. Udal artxiboko inbentarioa ere egingo dute datozen hilabeteetan. Medikuaren kontsulta lehen solairuan jarriko dute Aste Santuen ondotik. «Orain arte bi eraikinetan banatuta genituen zerbitzu guztiak; udaletxe zaharrean administrazioa eta udal artxiboa, eta beste guztia goran dagoen eraikin batean. Jendea joateko leku nahiko traketsa da, aldapan», azaldu du alkateak.

Zerbitzu guztiak eskurago jarri nahi izan dituzte eta horrela libre geratu diren lokaletan beste gauza batzuk egiteko aukera izango dute.


Apartamendu turistikoa
Udaletxeko gela zena taldeentzako gela izango da, eta Uliko bulegoak eta medikuaren kontsulta zegoen tokian apartamentu turistikoa egingo dute. «Proiektua prest dugu jada, Tolomendi eta Tolosaldea Tourrekin ere ari gara hitz egiten», azaldu du.

Bi hilabete edo dira udal bulegoak aldatu zituztela eta gizarte zerbitzuetako bulegoak ere orain bi aste leku aldatu zituzten.

Eraikin guztian Pelleteko berokuntza sistema jarri dute eta apartamentu turistikoan ere sistema bera jarriko dute «energia berriztagarrien aldeko apustuan sakontzeko». Pelleta egur granulatu txikiz osatuta dago, eta egur hori galdara batean erretzen dute energia sortuz. Energia berriztagarria da biomasa erabiltzen duelako eta gainera egurretik ere zatirik eskasenak erabiltzen dituelako.

Hilerrian ere berrikuntza
Udal bulegoen eta bestelako zerbitzuen leku aldaketa ez da berrikuntza bakarra, izan ere, hilerrian errautsak gordetzeko tokia jarri dute. Udalan eskaera bat jaso zuten eta horregatik prestatu dute tokia.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!