Kulturako arlo ezberdinez gozatzeko aukera Orexan

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 27a, 10:03

Asteburuan, garagardo tailerra, sagar eguna, kantaldia, ibilaldia eta kantu bazkaria izan dituzte besteak beste; kultur hamabostaldiaren azken txanpan sartu dira jada orexarrak

Asteburu borobila pasa dute Orexan. Kultur hamabostaldian murgilduta dabiltza urriaren 17tik, eta asteburu honetan arlo guztietako kultur ekitaldiez gozatzeko aukera izan dute. Ostiralean, garagardo tailerrarekin ekin zioten asteburuari. Bertan Zerb-en eskutik garagardoa nola egiten den eta zein ezaugarri dituen ikasi ahal izan zuten. Ondoren, beraien produktuak ezagutu, eta azkenik, Euskal Herrian egindako garagardo desberdinak dastatzeko aukera izan zuten.

Larunbata, sagar eguna izan zen. Aurten sagar uzta ona zutela eta kultur hamabostaldiko protagonista sagarra izatea erabaki baitzuten. Gauzak honela, goizean adin ezberdinetako herritarrak sagar bilketan aritu ziren. Eguerdian indarrak berreskuratzeko guztiek batera bazkaldu zuten eta sagar tarta lehiaketa ere egin zuten. Guztira bederatzi tartek parte hartu zuten. Arratsaldean, berriz, goizean bildutako sagarrarekin sagardoa nola egiten den ikasteko aukera izan zuten, eta baita ikasitakoa praktikan jartzeko ere. Gauean, berriz, sagarrak alde batera utzi eta Baga,Biga, Higa kantaldiaz gozatzeko aukera izan zuten, Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta abeslariekin batera.

Azkenik, igandean, XXVI. Uitzi-Orexa ibilaldi "jendetsua" egin zuten, eta ondoren bazkari "ederra" egin zuten guztiek batera, bertan ere kantuak falta izan ez zirelarik. Azken finean, "giro bikainean" igaro zuten atzoko eguna eta asteburuari amaiera borobila eman zioten.

Asteburu hau igarota, kultur hamabostaldiko azken txanpari ekin dioten Orexan. Hurrengo zita, ostegunean izango dute, urriak 30. Orexa eta bere inguruko Arkeologia hitzaldia eskainiko du Arkeolango Mertxe Urteagak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!