Bihar ekingo diote Orexako kultur hamabostaldiari

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 16a, 10:30

Ostiralean Libre dokumentalarekin hasiko dute Orexako aurtengo kultur hamabostaldia

Udazkenarekin batera, urtero bezala Orexako kultur hamabostaldia ere iritsi da. Kultura Batzordea buru belarri aritu da egitarau oparoa osatzeko, eta horren ondorio da bihar bertan hasiko den hamabostaldia.
Aurtengoan ere berrikuntzez betetako egitaraua osatu dute, Josune Malkorra, Kultura batzordeko kideak azaldu bezala «jendeak parte hartzeko eta betikoarekin ez aspertzeko». Kulturaren arlo ezberdinak ukitzen saiatzen dira, arlo guztietan «jendeari ahalik eta hoberena» eskaintzeko asmoz. Guzti hori, gainera, aurrekontu «txikiarekin» egin behar izaten dute, gainera.
Hala ere, aipatu bezala egitaraua zabala da, eta Malkorrak bereziki garagardo tailerra eta dastaketa eta aurten berezitasuna izango duen sagar eguna azpimarratuko lituzke. Aurtengo berrikuntza garrantzitsuak dira, urtero «talo jana, gaztain jana...» antolatu izan dituztelako, eta aurten bestelako kontuak landuko dituztelako. Euskal garagardo tailerra ZerB-ek eskainiko du. Garagardoa nola egiten den erakutsiko diete eta Euskal Herrian egindako garagardo desberdinak dastatzeko aukera izango da. Nahi duenak afaltzeko aukera ere izango du.
Sagar Egunaren ideia, berriz, Orexan aurten «sagar urtea» izan dutelako sortu zaie. Inguruko sagasti batean sagarrak bilduko dituzte. Bazkaria eta sagar tarta lehiaketa ere izango dituzte. Arratsaldean, bildutako sagarrekin sagardoa egingo dute. «Lehen etxe gehienetan» sagardoa egiten zen, baina egun «ohitura hori galdu» egin da. Herrian badute, ordea, sagardoa egiten duen herritar bat, eta berak kupelak dituenez, berak utziko dizkiete kupelak sagardoa egin ahal izateko.
Herritarren parte hartzea
Egitarau oparoa osatzeak aurretik lan asko egin behar izatea ere esan nahi du. Orexan bost pertsonek osatutako kultura batzorde bat arduratzen da urtero kultur hamabostaldi hau osatzeaz. «Udara bukatzerako» hasten dira antolaketa lanetan, eta hamabostaldia gerturatzen den heinean lanak eta txandak banatzen joaten dira. Azkenean, «herri guztiak hartzen du parte». Izan ere, «Orexan jendeak beti izan du parte hartzeko ohitura hori», eta kultura batzordekoek herritarren laguntza jasotzen dute.
Hortaz, Malkorrak hamabostaldira gerturatu nahi duten guztiei Orexan «ateak zabalik» izango dituztela eta bertara gonbidatu ditu. Gustu guztietara egokitutako kontuak izango dira aukeran.

Kultur hamabostaldiko egitaraua
URRIAK 17, BIHAR
21:30. Libre dokumentala, Aritz Lopez auziperatuaren eskutik.
URRIAK 20, ASTELEHENA
21:30.  Euskal Banku publiko eta soziala hitzaldia eskainiko du, Jone Etxeberriak.
URRIAK 22, ASTEAZKENA
21:30. Euskararen gutxienekoak Kontseiluaren dokumentala eskaini eta mahai-ingurua egingo dute.
URRIAK 24, OSTIRALA
20:00. Euskal artisau garagardo tailerra egingo dute eta baita  dastaketa ere, ZerB-ren eskutik. Ondoren, garagardo afaria egingo dute.
URRIAK 25, LARUNBATA
SAGAR EGUNA
11:00. Sagar bilketa.
13:00. Bazkaria eta sagar tarta lehiaketa.
16:00. Sagardoa egitea.
22:00. Baga, Biga, Higa kantaldia izango da Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta kantariekin.
URRIAK 26, IGANDEA
Goizean. Uitzi eta Orexa arteko XXVI. ibilaldia egingo dute eta ondoren ibilaldian parte hartu dutenek kantu bazkaria.
URRIAK 30, OSTEGUNA
21:30. Orexa eta bere inguruko Arkeologia hitzaldia eskainiko du, Arkeolango Mertxe Urteaga arkeologoak.
URRIAK 31, OSTIRALA
22:00. Antzerkia: Hazparneko Anderea. Iduzkilore antzerki taldearen eskutik.
AZAROAK 1, LARUNBATA
17:00. Ipuin kontalaria, Belarriak erne, begiak zabalik, Maider Osaren eskutik.
Ondoren. Merienda eta puzgarriak.
21:00. Herri afaria.
Ondoren. Gabezin taldearen kontzertua eta DJ Bull-ekin goizaldera arte parranda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!