Herriko etxebizitza premia zenbatekoa den jakiteko galdetegia

Ataria 2026ko martxoaren 19a

Orendaingo Udalak inkesta bat prestatu du etxebizitza premiari buruzko informazioa jasotzeko. Eskuragarri dago galdetegia udaletxeko bulegoetan eta udalaren webgunean.

Herriko etxebizitza premiei buruzko informazioa jaso nahi du Orendaingo Udalak eta, horretarako, galdetegi bat prestatu dute. Inkestaren bidez lortutako informazio zehatzaren arabera proiektu bat jarriko dute martxan, herriko biztanleen beharrei erantzuteko. Dagoeneko bete daiteke galdetegia, eta martxoaren 25a izango da horretarako azken eguna.

Aipatutako galdetegi horren helburua da, besteak beste, udalak jakitea ea herritarren baduten herrian etxebizitzarik erosteko interesik; eta baita etxebizitza horien nolakotasunaren inguruko informazioa lortzea ere. Biltzen dituzten datuen eta informazioaren arabera, etxebizitzek zein ezaugarri izan behar dituzten zehazteko irizpideak finkatu ahal izango ditu udalak.

Lanketa zabala

Galdetegia fisikoki zein digitalki bete ahal izango da. Batetik, udaletxeko bulegoetan eskuratu daiteke aurrez aurre; eta, bestetik, eskuragarri dago Interneten, Orendaingo Udalaren web orrialdean. Dagoeneko bete daiteke inkesta, eta martxoaren 25a izango da horretarako azken eguna.

Udaletik aurreratu dute «eskertu» egingo dutela etxebizitza erosteko interesa dutenen laguntza. Eta hari berari tiraka azaldu dute galdetegia ez dela anonimoa izango, aurrerago bilera bat egitea aurreikusten dutela interesa azaldu dutenekin.

Galderen ezaugarriak

Udalak prestatutako inkestan norberaren informazioa helarazteaz gain —besteak beste, izen-abizenak, telefono zenbakia eta NANa—, Orendainen jaio edo bertan erroldatuta dagoen adierazi behar du interesa duenak. 

Galdera horien ondotik, etxebizitzan balioesten dituen zenbait ezaugarri ere zehaztu beharko ditu, horien artean, zein motatako etxebizitza interesatzen zaion; zenbat logela eta bainugela lehenesten dituen; eta trastelekurik edo aparkalekurik nahiko ote lukeen. 

Eta eraikinaren ezaugarrietatik harago, interesa dutenek adierazi beharko dute etxebizitza zenbateko epean erostea aurreikusten duten, eta zenbat ordaintzeko prest egongo liratekeen. 

Formula berriak

Etxebizitzaren afera ez da gai berria Orendainen, eta duela urtebete inguru etxebizitzak egokitzeko «beste alternatiba bat» ere gauzatu zuten: herriko Kale baserria zaharberritu eta bost etxebizitza egin zituzten bertan.

Miguel Angel Arsuaga alkateak aipatu izan du ez dagoela «ia aukerarik» Orendainen etxebizitza bat eskuratzeko, eta eredu hori herri txikien «etorkizunerako gako bat» izan daitekeela: «Baserri hutsak erortzen utzi edo bota beharrean, berrerabiltzeko eta herria biziagotzeko modu bat izan daiteke».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!