Orendaingo argazki erakusketa 42 irudik osatuko dute

Aitor Arroyo Askarai 2023ko abe. 21a, 07:59

Datorren larunbatetik, abenduaren 23tik, urtarrilaren 7ra kultur etxean egongo dira ikusgai egutegia osatzeko lehiaketara herritarrek aurkeztu dituzten argazki guztiak.

Orendaingo Udalak urritik azarora bitarte antolatu zuen datorren urteko egutegia osatzeko argazki lehiaketa. Hasieran asmo bakarra egutegia osatzea bazen ere, «parte hartze handia» izan duela medio, erakusketa antolatzea erabaki dute jasotako irudi guztiekin. Larunbat honetatik, abenduaren 23tik, urtarrilaren 7ra egongo da ikusgai mostra, kultur etxeko lehen solairuko balio anitzeko gelan.

«Pentsatu genuen argazki asko geratuko zirela argitaratu gabe, eta polita izan zitekeela erakusketa bat egitea. Batez ere parte hartze handia islatzeko eta egutegian ez dauden argazkiek ere aitortza bat jaso dezaten», horrela hitz egin du erakusketaren inguruan Jone Tolosa kultur zinegotziak.

Bederatzi herritarrek hartu dute parte lehiaketan eta, guztira, 42 argazki aurkeztu dituzte. Egutegirako hamahiru irudi behar zituzten: hilabete bakoitzeko bana eta, beste bat, azalerako. Bada, kultur zinegotziak azaldu duenez, gutxienez, parte hartzaile bakoitzaren argazki bat sartzea erabaki dute: «Egutegian ere islatu nahi izan dugu ekimenak izan duen parte hartzea. Irizpidea ez da izan hamabi argazki onenak aukeratzea; baizik eta parte hartzaile guztiek haien lekua izatea».

Dena dela, izendatu dute irabazle bat ere, hain zuzen, Agus Jimenez herritarra; eta 2024ko egutegian hamabigarren hilabetea irudikatuko du haren argazki irabazleak.

Sariduna izendatzea
Kultur zinegotziak kontatu du txapelketako irabazlea aukeratzeko Tolosako Richard argazkilariak estudiora jo dutela aholku bila: «Bertan errebelatu ditugu erakusketan jartzeko argazkiak. Horrekin batera, aholkua eman digute esanez zein diren, haien ustez, parte hartzaile bakoitzaren argazki onenak eta, bide beretik, irabazlea aukeratzen ere lagundu digute».

Herria lehiaketa gai
Hainbat irizpideren arabera atera behar zituzten argazkiak lehiakideek, eta gaia zen horietako bat, kasu honetan: Orendain.

Tolosa zinegotziaren hitzetan, inguruko paisaiara jo dute parte hartzaile gehienek irudi irabazlearen bila: «Ikuspegi paregabea dugu hemen, eta askok jo dute horretara. Horrez gain, fenomeno meteorologikoak ere ikusgarriak izaten dira». Elurteak, ostadarrak eta herriko bizimodua zein eraikinak dira, besteak beste, argazkietako gainerako protagonistak.

Gogobeteta hitz egin du Orendaingo Udaleko ordezkariak ekimenaren inguruan: «Oso gustura gaude jendearen erantzunarekin eta egutegiaren emaitzarekin; esperientzia errepikatu nahiko genuke». Hori horrela, ekimenak «funtzio asko» bete dituela uste du, balio izan duelako hurrengo urteko egutegia egiteko, herritarren «parte hartzea bultzatzeko» eta argazki erakusketa bat osatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!