Herritar bezainbeste mendi lasterkari jasoko dituzte Orendainen

Imanol Garcia Landa 2023ko urr. 18a, 11:57

7. Eltxo Trail mendi lasterketa egingo da larunbatean, eta bi ibilbide izango ditu, 21 kilometrokoa eta 7,3 kilometrokoa.

Orendainen 7. Eltxo Trail mendi lasterketa izango dute larunbatean, bi ibilbiderekin: 21 kilometroko luzea eta 7,3 kilometroko motza. 15:30ean ibilbide luzekoak hasiko dira eta motzekoak 16:00etan. Herriaren inguruetatik ariko dira korrika parte hartzaileak. «Probaren helburua da herrigunea bistaratzea eta bertan bizitza pixka bat sortzea, eta aprobetxatuz inguruko herriak eta Ibiurko ingurunea, ibilbidea Orendain, Abaltzisketa, Gaintza eta Baliarrain herrietako lurretatik pasatzen da», zehaztu du Aimar Agirresarobe antolakuntzako kideak.

Dagoeneko amaitu dira ibilbide motzeko 120 dortsalak, eta ibilbide luzerako dituzten ehun dortsaletatik gutxi batzuk geratzen dira. «Orendain herri txikia izanik, nahiko arazo ditugu aparkalekuekin eta urte batzuk daramatzagu 200 lasterkaritara mugatzen kopurua, bakoitzean ehun», esan du Agirresarobek. «Aurtengoan ibilbide motzakoari beste 20 erantsi dizkiogu eta denak hartuta daude, eta luzean gutxi batzuk geratzen dira. Herritar adina korrikalari etorriko direla esan nahi du horrek».

Parte hartzeari dagokionez arrakasta duen lasterketa bihurtu da. «Azken urteetan ez genuen espero horrelako arrakastarik. Guretzako onuragarria da, eta aldi berean, horrelako herri txiki batera horrelako jende kopurua etortzea ardura da», esan du Agirresarobek.

Izena eman daiteke Eltxotrail.com eta Buscametas.com webgunearen bitartez. Egunean bertan ezin da eman izena, bakarrik Internet bitartez ahal da, eta ostiral gaua izango da, beraz, epea horretarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!