Andra Mari osteko eguna indartsu hasi dute Orendainen. Festen azken egunean, XXVIII. Txirrindulari lasterketa egin dute bazkalaurrean. Denera, kategoria ezberdinetako lau lasterketa egin dituzte, haur, gazte zein helduek parte har zezaten. Helmuga plazan zutela, ibilbide ezberdinak osatu behar izan dituzte parte hartzaileek.
Txikienek, 0 eta 5 urte artekoek, metro gutxi batzuk osatu behar izan dituzte. Aiur Labaien eta Elene Mujika izan dira irabazle. 5 eta 9 urte atekoetan, Aiert Jauregi eta Enara Mujika izan dira azkarrenak helmuga gurutzatzen. Bide luzeagoa egin behar izan dute 9 eta 12 urteko artekoek; Aratz Azpirigain eta Maddi Sarasak lortu dute garaipena. Parte hartu duten gaztetxo guztiek Larretako jogurta jan dute lehenik eta domina bana jaso dute ondoren. Lehen sailkatuek trofeo bana ere eraman dute etxera.
Biderik luzeena, helduen kategoriakoek egin behar izan dute. Alegiako bidegurutzetik abiatu eta Orendaingo plazaraino iristea zen erronka. Denera 12 txirrindularik hartu dute parte, gizonak denak, eta helmugan esprinta jo ondoren, Eñaut Otegik gurutzatu du azkarren helmugako marra, Jokin Azkarain izan da bigarren eta Patxi Plazaola herritarra hirugarren. Azken honek, sari berezia jaso du herriko lehena izateagatik.
Herri bazkariarekin eman diote jarraipena festari, eta arratsaldean, puzgarriak eta toka txapelketa izango dituzte 16:30etik aurrera eta patata tortilla lehiaketa izango dute afalaurrean. Festak amaitzeko, Musikaz blai erromeria taldearekin dantzan aritzeko aukera izango dute bertaratuek eta 00:0etan harriari buelta emango zaio.