Betiko ohiturei muzin egin gabe

Ataria 2023ko abu. 11a, 20:00

Hiru eguneko festak antolatu dituzte Orendainen. Abuztuaren 14tik 16ra izango dira, eta Ama Birjin eguna asteartea egokitu da aurtengoan.

Lehen egunean, Orendaingo jaiei hasiera emango dien txupinazoa lehertzeko ohorea, herriko aitona-amonek izango dute. Jarraian, trikipoteoa egingo dute Kaina bi farra trikitiaren eskutik. Eguna amaitzeko berriz, saiheski jatea egingo da urteroko legez.

Ama Birjin egunean, mota guztietako ekitaldiak ikusi eta bertan parte hartzeko aukera izango dute orendaindarrek. Esaterako, arratsaldez, mus txapelketa herrikoia egingo da, eta 19:00etan harri jasotzaileen erakustaldia izango dute. 22:00etan berriz, DJ Naza alegiarra izango da gaua girotzen.

Azken egunean, goizetik hasi eta arratsaldera bitarte, kirol ezberdinetan jardunean aritzeko aukera ere izango da. Alde batetik, XXVIII. Txirrindulari Lasterketa egingo da, eta bestetik berriz, toka txapelketa. Egunean zehar xahututako indarrak berreskuratu ahal izateko, patata tortilla lehiaketa egingo da 19:30ean. 23:00etan berriz, Musikaz blai taldeak emango die amaiera Orendaingo jaiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!