Artisau azoka egingo dute lehen aldiz Orendainen

Ataria 2023ko apirilaren 20a

Naiara Lizarribar eta Amaia Garmendia ama-alabak, Izpiliku xaboi naturalak egiten dituzte.

Igande honetan izango da artisau azoka, 10:00etatik 14:00etara; 29 postu jarriko dituzte denera, horietatik hiru, herritarrenak.

Lehen aldiz antolatu dute artisau azoka Orendainen. Igande honetan izango da, goizean zehar, artisau produktuak eskuratzeko aukera. 10:00etatik 14:00etara izango dira postuak zabalik. 

Izpiliku xaboi naturalak egiten dituztenak orendaindarrak dira, Amaia Garmendia eta Naiara Lizarribar ama-alabak. Udaletik esan dute haiei otu zitzaiela herrian azoka egitearen ideia. Postua jarriko dute beraien produktuekin goizean, eta, horrez gain, xaboi tailerra eskainiko dute, 10:00etatik 11:00etara, haurrentzat. Parte hartu nahi duenak bertara agertu beharko du, eta Izpilikuko kideek jarriko dute tailerrerako beharrezkoa izango duten materiala. 

Horrez gain, beste bi postu izango dira herritarren eskutik: batetik, Zelaieta gaztak erosteko aukera izango da, eta, bestetik, herrian bizi den bikote batek belarrekin egindako produktuak jarriko ditu salgai. 

Denera 29 postu izango dira. «Ez genuen uste horrelako arrakasta izango zuenik», esan dute antolatzaileek. Hainbeste posturekin, askotariko produktuak erosteko aukera izango da: altzariak, bitxiak, eztia, gazta, xaboia, zeramika, poltsak, motxilak, euskal jantziak... Kilometroetako postu bat ere jarriko dute, aurtengo ediziorako prestatuta dituzten material eta arropak saltzeko. 

Orendaingo Eltxoak Elkarteak, bere aldetik, postua jarriko du, bertaratzen direnentzat janaria eta edaria eskainiz: «Proposamena egin diegu postu bat jarri eta salda, haragi egosia edota txorizoa eskaini dezaten, horrela, elkartearentzat ere sarrera bat izan daitekeelako». 

Eguraldiak lagunduko balu plazan egin nahiko lukete, baina bestela frontoian antolatuko dute guztia. Lehen edizioa ondo aterako balitz, baloratu egingo dute datorren urtean berriro antolatzeko aukera. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!