Orendaingo Udalak azken urteetan herriko pertsona bat kontratatzen du, Partaidetzako teknikari lanak egiteko. Abuztutik, Laida Plazaola ari da lan horretan, eta maiatza bitartean ariko da. Beasainen jaioa izanagatik, Orendainen bizi da azken urteetan.
Zozketa bidez egokitu zaion lanean gustura ari dela dio. Bere lanaz hizketan hasita, lehena, ikastaroak antolatu eta koordinatzea izaten da. Urterokoak izan daitezke aurrera eraman behar direnak, edota berriak martxan jartzea. Urtero, auzolana bultzatzen dute eta, ikasturte honetako lana, hondakinen etxolak margotzea izan dela gogorarazi du Plazaolak.
Aurtengo berrikuntza, pizgarrien programa izan da. Kontsumo arduratsuaren ingurukoa da, hau da, kontsumitzea eta arduraz jokatzea bultzatu nahi du. Ura, energia, garraioa edota bertako produktuak jorratu dituzte.
Interesgarria izan dela dio: «58 familiatara aurkeztu zen, eta bakoitzak erabaki du zertan parte hartuko duen. Bertako produktuak kontsumitzearena, esaterako, oso ondo baloratua izan da. Herrian dagoeneko ohitura bazegoen bertakoa kontsumitzeko, eta orain, saritu egiten da. Ur txorrotak ere 35 familiatan jarri ditugu eta, energiaren kasuan, Goienerrekin egin dugu kanpaina: esna digute, Orendain dela, batezbeste, bazkide gehien dituen herria», dio. Aldiz, zailena, garraioarena dela kontatu du.
Kontsumoarekin lotuta, «panel batzuk jarri ditugu udaletxeko arkupetan kontsumitzearen kontzientzia maila pizteko». Garai batean, gai horien inguruan zein erabilera egiten zuten berreskuratu nahi izan dute. «Urte gutxian asko aldatu da eta, adinekoekin elkartu gara beraiek, esaterako, arropa nola garbitzen zuten edota uraren bila iturrira nola joan behar izaten zuten kontatzeko». Ura asko baloratzen zutela nabarmendu du, «oso gai interesgarriak atera dira, eta nik oso gustura egin dudan zerbait izan da. Eta askotan ez gara konturatezn zenbat informazio galtzen ari garen».
Laida Plazaolak elkarrizketak egin dizkie herriko adinekoei, eta gogora ekarri du haiek nola esaten zioten: «Guk ezin dugu sinetsi nola bizi ginen lehen, eta zuek nola sinistuko duzue bada».
Denbora gutxian kontsumo ereduak nola aldatu diren ikusteko hainbat panel jartzen joan dira, eta orain erakusketa jarriko dute osatu dituzten panel guztiekin.
Herritarrekin lanean
Herritarrekin lan egiteaz galdetuta, «beldurra» aipatu du: «Urte askoan egon naiz nire lan gustukotik aldenduta, eta nik neure buruari beste aukera bat eman nahi nion. Nire beldurrak nituen, baina ilusio askorekin sartu nintzen, eta gauza asko egin nahi nituen».
Herrian egoteak, ordea, alde on eta txarrak dituela esan du: «Bide asko eginak daude, eta jendeak ezagutzen zaitu, eta konfiantzako jendea aldamenean daukazu. Eta, alde txarren artean, askotan, udaleko langilearen rola hartu beharra daukazu, eta ez herritarrena. Eta, batzuetan, konfiantzako jendearekin, zaila izaten da distantzia hori hartzea eta markatzea, baina uste dut ondo daramadala, eta ez zait zaila egin», aitortu du.
Jarduera puntualak egiten dituzte, eta jendeak oso barneratuta dituela adierazi du, eta herritarrek parte hartzen dutela: auzolana, festak, talo jatea,... «Ikasturtea hastearekin, ordea, pixkana jendea nekatzen joaten da, eta horrek eragina du parte hartzean ere». Urtea bukatzerako jendea bere egunerokotasunean sartzen dela nabaritu du, eta gehiago kostatzen zaiela egunerokotasunetik ateratzea.
«Nire esperientziatik, gauzak denborarekin egiten direnean, eta banakako lanketa egiten bada, asko laguntzen du, eta herritarrek parte hartzen dute. Oso deialdi orokorra bada, jendeak errazago huts egiten du. Gertutasunetik bultza egin behar da».
Martxoaren 8ari ere gogor heldu diote Orendainen. Aurrez aipatu moduan, hainbat gairen inguruko elkarrizketak egin dizkiete adinekoei. Hori dela eta, atzo, esker omenaldia egin zieten. «Denbora eskaintzeagatik, eta jakintza hori guztia herriarekin konpartitzeagatik». Eta arratsalderako mahai ingurua ere antolatu zuten, kafe baten bueltan: emakumea eta baserria izan zituzten hizpide. Emakume baserritar moduan dituzten bizipenak konpartitu zituzten, elikadura burujabetzaren inguruan ere hitz eginez.
Euskarazko literatur tailerra
Euskaraldiaren bueltan ateratako ideietatik tiraka, jarri berri dute martxan, euskarazko literatur tailerra. «Panel batzuk jarri genituen euskarak dituen indargune eta ahulguneak identifikatzeko. «Bertan, euskaraz kontsumitzerakoan, irakurtzeko, telebista ikusteko, musika entzuteko,... gabeziak ditugula atera zen, eta indartu egin behar ditugula», azaldu du Plazaolak. Eta aukeren artean atera zitzaien literatur tailerrarena. Hamar pertsonako talde bat dago osatuta, baina herri guztiari irekia dela nabarmendu du teknikariak. Maialen Akizu da gidari laguna, eta irakurritakoa hausnartzen laguntzen diete, gai eta ikuspegi ezberdinak mahai gaineratuz. Irakurri beharreko liburuen aukeraketan ere laguntzen diete, gomendioak emanaz.
Datorren saioa martxoaren 26an izango da, 14:30etik 15:30era, eta irakurri beharreko liburua Danele Sarriugarteren Erraiak izango da. Ekaina bitartean tailerrarekin jarraituko dute.
Tailerrarekin batera, liburutegien arteko mailegutza zerbitzua jarri dute martxan: «Modu honetara, Orendaingo edozein herritarrek Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegietan dauden liburuak eskatu ditzake herrian bertan».
Horrez gain, etxeko txikienei zuzenduta, haurrentzako euskal zinema ere martxan jarri dute.