Emakumeek dantzan jarri dute Orendaingo plaza

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mar. 9a, 16:29

Emakumeen Eguna ospatzen ari dira Orendainen. Goiza, ipuin kontalariarekin hasi badute ere, goizeko momenturik ederrena ostean iritsi da. Emakume talde batek dantzan jarri du plaza.

Garai ezberdinetako kantuak baliatuz, belaunaldiz belaunaldi emakumearen bilakaera nola aldatzen joan den irudikatu dute, Emakumea eta jaiak emanaldiarekin. Dantzaren bidez, momentu eta gertaera ezberdinak antzeztu dituzte. Abestietako letrei erreferentzia eginez, letrak eta mezuak ere aldatuz joan direla azaldu dute, baina oraindik ere lan asko dagoela egiteko aldarrikatu dute. Azken bi abestietan, herriko haurrak ere elkartu zaizkie dantzara.

Saio hau hasterako, ordea, plazan ziren prest, omenaldia jasoko zuten baserritar emakumeak ere. Aulkian eseri, eta adi-adi jarraitu dute ekitaldia. Ostean, beraien unea iritsi da. Geno Mendiburu Etxeburu, Miren Irastortza Ipinza, Pilar Maiz Etxabe, Maria Bautista Agirrezabala Zabala eta Kontxi Apalategi Garro, eta omenalditxoaren zatia Julian Urkola Garmendia eta Manuel Beloki Artolarentzat ere izan da.

Guzti hauek kontatuko gertaerekin, Orendaingo historiaren zati bat utzi dute idatzita. Beraien hitzekin Iraganera parada erakusketa jarri dute udaletxeko arkupetan. Ura, energia, garraioa eta bertako produktuak izan zituzten hizketagai, eta altxor horiek kontatzeagatik eta herriari denbora hori eskaintzeagatik jaso dute omenaldia. 

Trikiti doinuek hartu dute omenaldi osteko isilunea, eta dantzarako baliatu dute plazara gerturatu direnek.

Jarraian, emakumeen bazkaria izan dute. Ostean, eta egunari amaiera emateko, kafe baten bueltan, herriko baserritar emakumeekin mahai ingurua egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!