Herri txikien xarma duen mendi lasterketa

Asier Imaz 2017ko ira. 28a, 12:42

Urriaren 7ko mendi lasterketetan edo herri afarian parte hartzeko 'eltxotrail.com' webgunean eman behar da izena.

Aurten ere mendi lasterketa antolatu dute orendaindarrek. Iaz, lehen edizioa, oso ondo atera zitzaien, eta bigarrenarekin jarraitzea erabaki dute: «Urriaren 7an izango da. Iazkoarekin alderatuta, astebete lehenago. Egun hauetan ekitaldi asko daude, eta baita mendi lasterketak ere. Guzti horregatik data aldatzea erabaki genuen. Funtsa, ordea, berdina izatea nahi dugu. Herriko zazpi lagunen artean antolatzen dugu Eltxo Trail, eta izaera xumea dauka. Lasterketak herri txikien xarma izatea nahi dugu; etortzen den jende guztia gustura sentitzea da helburua», diote antolatzaileek.

Iaz 167 parte hartzaile izan zituzten, ibilbide luzea eta laburra batuz. Aurten ere bi ibilbide izango dira, baina laburra 7,5 kilometrokoa izango da, iazkoa baino bi kilometro luzeagoa. «Jendeari 5 kilometrokoa laburregia egin zitzaion, eta gogotsu geratu zen. Horregatik erabaki dugu zertxobait luzatzea», dio Aimar Agirresarobe orendaindarrak. Mendi lasterketa luzea egiteko prest oraindik ez daudenentzat edo proba horiek ezagutu nahi dituenarentzat ibilbide egokia da Orendaingoa. Luzea ere ez da batere lasterketa teknikoa edo konplexua, Agirresaroberen esanetan. 21 kilometroko luzera izango du, eta bataz besteko malda positiboa 698 metrokoa da.

Beste aldaketa bat irteera orduetan ikusten da. Iaz goizean izan ziren lasterketak, eta aurten, arratsaldez. Luzeko parte hartzaileak 16:00etan aterako dira Orendaindik; laburrekoak 17:00etan. Ondorioz, bazkaria egin beharrean, urriaren 7an herri afaria egingo dute.

IZEN EMATEA ETA LUDOTEKA

Ibilbide luzea 18 urtetik gorakoentzat da. Federatu gabekoek 18 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatuek 15. Egunean izena ematen dutenek bi euro gehiago ordaindu beharko dute.

Laburra egiteko 15 urte izan behar dira gutxienez. Izen ematea 10 euro da, egunean 12. Afarirako txartelak irailaren 29a baino lehen eskatu behar dira, www.eltxotrail.com webgunean, 8 eurotan. Izen ematea ere leku berean egin behar da.

Bestalde, antolatzaileek nabarmendu dutenez, Orendaingo gazteek ludoteka zerbitzua antolatuko dute urriaren 7rako. Lasterketan parte hartzen duten gurasoek, beraz, haurrak ludotekan uzteko aukera izango dute.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!