2016 urteari «ongietorria emateko», 'Zarena Zarelako' festa Orendainen

Tolosaldeko Ataria 2016ko urt. 13a, 11:01

Urtarrilaren 23an izango da festa, Orendaingo Sorginak taldeak antolatuta. "Aukera bikaina izango dugu gure artera etorri diren bizilagun berriak ezagutzeko, elkarrekin egon eta lagun berriak egiteko", azaldu dute festaren bultzatzaileek.

Orendainen festa berezia prestatu dute urtarrilaren 23rako. Orendaingo Sorginak taldeak antolatu du, eta «2015ari agur esan eta 2016aro merezi duen ongietorria emateko asmoz» egin dute festa egunaren proposamena. Zarena Zarelako izena eman diote festa egunari.

Festaren asmoa Orendainen bizi direnen artean, 2015ean zehar egindako «gauza on guztiak eskertu eta gogoratzea» dela gaineratu dute. «Egun horretan, gainera, aukera bikaina izango dugu gure artera etorri diren bizilagun berriak ezagutzeko, elkarrekin egon eta lagun berriak egiteko», azaldu dute festaren bultzatzaileek.

Egun horretarako egitarauan hainbat ekintza prestatu dituzte: merienda, ondoren poteoa, afaria eta bukatzeko festa izango da. «Aurrera goaz, gure herria hazten ari da eta urtarrilaren 23an orendaindar zahar eta berriak elkar ezagutu eta agurtu, elkarrekin egon, jan eta edan, abestu eta dantzatzeko aukera izango dugu», adierazi dute antolatzaileek, eta gaineratu: «2016ari merezi duen hasiera ematera goaz. Alai, baikor, giro paregabean, herri bizia nahi dugulako, herri zoriontsua. Ez galdu festa polit hau. Bertan ikusiko gara!».

Afarirako txartelak salgai daude eta erosi nahi dituenak 672 66 29 40 telefono zenbakira deitu behar du. Umeek eta 20 urte arteko gazteek, 5 euro ordainduko dituzte. 25 urte artekoak, desgaitasunak dituzten pertsonak, langabetuak, erretirodunak, familia gurasobakarreko buruak, 10 euro. Gainerakoek 15 euro ordaindu behar dituzte. Afarirako txartelaren prezioan sartzen dira edariak, kafea eta kontsumizio bat ostatuan.

Egitaraua

Arratsaldean. Merienda Orendaingo umeentzat eta ongietorria 2015ean herrian jaio diren lau umeei.

19:30ak aldera. Meriendaren ondoren, poteoa ostatuan.

Segidan. Afaria Eltxo elkartean. Eta ondoren, festa: rantxerak, jazz, Xapre eta bere trikitia, karaokea...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!