Orendaingo Udalak abenduko bigarren igandean udaleko batzarra egingo du urtero. Herriko etxe bakoitzetik pertsona bat joatea lortu nahi dute, eta horregatik Etxe bakoitzetik bana leloa. Lehena igande honetan izango da, 11:00etatik aurrera, udaletxeko areto nagusian. Bi ordu eta erdiz luzatzea aurreikusi dute.
Hasteko aurkezpen bat egingo dute eta bertan batzarrean jorratuko dituzten gaiak laburtuko dituzte. Ondoren idazkariak aurrekontuak aurkeztuko ditu eta alkateak azken urtean egin dituzten proiektuez ariko da. Partaidetza proiektuko emaitzez ere hitz egingo dute; hain zuzen, 16 urtetik gorako biztanleek erantzundako galdetegiaz ariko dira, emaitzak laburbilduz. Gero atsedenaldi motz bat egingo dute eta hamaiketakoa banatuko diete joandako guztiei.
Ondoren, auzolanean zer egingo duten erabakiko dute, eta horretarako herritarren iritziak entzun nahi dituzte. Guztien artean adostuko dute zein auzolan egin behar diren.