Herritarrekin batera idatzi nahi du etorkizuna Orendaingo Udalak

Ataria 2013ko maiatzaren 15a

Orendaingo herritarrak erronka baten aurrean jarri ditu udalak ondorengo galdera zabalduz: «Zer nolako Orendain gustatuko litzaizuke hemendik aurrera?». Erantzunak herritarrengandik jaso nahi dituzte udal ordezkariek: «Udalak erabaki beharrean, herria zertan hobetu orendaindarrek erabakitzea nahi dugu», dio Gorka Egia alkateak. Erronka, beraz, udalarena ere bada, parte hartzea bultzatu beharra daukan neurrian: «Ziur gaude ideia asko eta onak daudela. Hau dela eta, Orendainen hasiko den Agenda 21aren eraberritze prozesuan parte hartzera gonbidatu ditugu herritarrak».

Gonbidapenak etxez etxe banatu dituzte, eta erantzuna ere tamaina berekoa izatea nahi dute, Etxe bakoitzetik bana kanpainak argi azaltzen duen bezala. Horretarako, lehenik eta behin, beharrezkoa izan da Agenda 21 zer den azaltzea. «Herrian egin nahi diren proiektuek osatzen dute Agenda 21. Ekintza plan antolatu bat da; udalaren lan ildoak denifitzen dituen dokumentua, azken finean», azaltzen du Egiak.

Aurreko legealdian, dokumentu horren %40 egin zuten. Gaur egun, %75era iritsi dira, eta urte amaieran %85era iristea espero du Gorka Egiak. Zenbakiak eskuetan, egin beharreko ia guztia egina dagoela ikusten du udalak, eta horregatik, ekintza plan berria idazten hasteko garaia iritsi dela dio Orendaingo alkateak.

Abenduan hasi ziren hausnarketa honekin, eta Agenda 21aren inguruan, lanean hastea erabaki zuten. Lehenik eta behin, Etxe bakoitzetik bana jartzen zuen kartelak zabaldu zituzten herrian, beste informaziorik gehitu gabe, eta orendaindarren jakinmina piztu asmoz. Ondoren, herri aldizkaria eskuetan zutela, udal ordezkariak etxez etxe ibili ziren, erronka herritarrei aurkezten.

Jasotako arretarekin gustura agertu dira udal ordezkariak, eta orain erantzuna neurtzeko unea iritsi da. Etxez etxeko lanketa honetan, herriaren etorkizuna denen artean osatzearen garrantziaz hitz egiteaz gain, herritarrei lantaldeetan parte hartzeko eskatu zitzaien.

Arrazoi gehigarri bezala, lehenaz gain, ondorengoak azaldu zizkien Egiak orendaindarrei: «Parte hartze prozesu hau martxan jartzen badugu, herriko gazte bati lanaldi erdiko lanpostua izateko aukera emango zaio. Horrez gain, Agenda 21 txukun izateak geroz eta garrantzi handiagoa dauka. Laguntzak ematerakoan, adibidez, inoiz baino gehiago hartzen dute kontuan».

Lantaldeak zertarako?

Orendaingo Udaletik Agenda 21 oso zabala dela azaldu dute. Horregatik, azpi ataletan banatu dute, hain juxtu, herritarrei zortzi lantaldetan parte hartzeko eskatu diete: «Etxe bakoitzetik bat agertzea gustatuko litzaiguke; edozein herritarrek, bere interes edo nahien arabera aukera dezake lantaldea». Ondoren, hiru batzar egingo ditu talde bakoitzak. Lehenengoan, Orendaingo diagnosia egingo dute, bigarrengoan, adituen iritzia edo praktikan dauden adibideak ikusiko dituzte, eta hirugarrengoan, ekintza proposamenak egingo dituzte. Laugarren saio bat ere aurreikusten da, baina hau, aurreko batzarretan egindako lanaren inguruko galdetegiari onarpena emateko izango litzateke.

Galdetegia izango da lantaldeetatik aterako den emaitza, eta herri guztian zabalduko dena. Modu honetan, «erabakiak herritar guztien artean» hartu nahi direla dio Gorka Egia alkateak.

Teoria edo erronka hau hau praktikan ikusteko, orendaindarrek ez dute urrutira joan beharrik, herrian bertan, horren adibide garbiak baitaude: «Galdetegian jasotako emaitzen arabera, adibidez, parkea aurrera atera beharreko lehen proiektua zela ikusi genuen udalera sartutakoan», dio Egiak. Horrez gain, «herritarrek egindako proposamenei esker, herri bideak garbi mantentzen saiatu gara, Ibiur urtegirakorako bidea auzolanean bukatu genuen, udal liburutegia jarri da, spinnineko bizikletak hartu ditugu...», jarraitzen du alkateak.

Lantaldeak

Ingurugiroa

Hasierako proposamenak: Energia kontsumo eraginkorrak; paisaia babestu; energia ornikuntzak hobetu; mugikortasuna; hondakinak...

Enplegua

Hasierako proposamenak: Ekonomiaren sustapena; lehen sektorea; langabezia...

Hezkuntza

Hasierako proposamenak: Hezkuntza zerbitzuak; haur eskola; umeen/gazteen hezkuntza; aisialdia...

Lehen sektorea

Hasierako proposamenak: Nekazal lurrak babestu; lehen sektorea suspertu; baserritar eta artzainen bizi baldintzak hobetu; basoak; ustiategien inpaktua...

Hirigintza

Hasierako proposamenak: Etxegintza; ura eta arazketa; bide sareak eta irisgarritasuna hobetzea; energia hornikuntzak hobetu; paisaia babestu...

Zerbitzuak

Hasierako proposamenak: Oinarrizko zerbitzuak; osasun zerbitzuak; gizarte zerbitzuak; mugikortasunaren inguruko hausnarketa eta hobekuntzak; eraikin berriko lehen solairua...

Kultura

Hasierako proposamenak: Aisialdia; ekintza kulturalak; herri giroa; parte hartzea bultzatu...

Udala

Hasierako proposamenak: Arriskuen analisia; udal kudeaketa; herria eta udalaren arteko komunikazioa; parte hartzea bultzatzea...

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!