Eneko Arteaga jai batzordeko kideak nabarmendu duenez, «une honetan Garazi Esnaola musikari gisa mundu mailan jotzen dabilen artista bat da eta gure herriaren izena mundu guztian zehar zabaltzen du. Horregatik, esker onez eta herrian egin dituen ekarpenengatik txupina botatzeko ardura ematea erabaki dugu».
Nola jaso zenuen txupina botatzeko berria?
Sorpresa handiz hartu nuen baina izugarrizko ilusioa egin zidan. Beti egiten dute ilusioa horrelako gauzek, norbere herriko festak nik uste badirela denentzat momentu politak igarotzeko uneak. Azken urteetan herrian ez naiz bizi izan eta herritarrak gehienetan ikusten ditudan momentuetan inauterietan eta herriko festetan izaten da. Beraz, festak badira denak elkartzen garen momentu polita eta ilusio handia egin zidan.
Musikaria zara. Zerbait berezia egiteko asmoa duzu?
Festak bezala txupinazoa ere pixka bat inprobisatuta izango dela uste dut. Hitz batzuk esango ditut, baina ezer berezirik ez. Nahiko sinplea izaten saiatuko naiz eta emandako aukera eskertuko dut.
Musika munduan zabiltza murgilduta. Nondik datorkizu zaletasun hau?
Txiki txikitatik ibili naiz musikari lotuta, etxetik datorkidalako. Herriko festetan ere jotzen aritu naiz, nire aita herriko musikaria eta irakaslea delako, eta harekin ikasi dugu nire ahizpak eta biok musika jotzen. Gaztetatik ibili gara ekimen desberdinetan parte hartzen; batzuetan panderoa jotzen, beste batzuetan akordeoiarekin edota pianoarekin. Herrian hasi nintzen eta hortik Oinkari dantza taldean jotzeko aukera izan nuen, bertan taldekide batzuk ezagutu nituen eta horren ostean Donostialdeko talde ezberdinetan jotzeko aukera izan dut, eta orain, azken urteetan Izaro eta Janus Lester bezalako proiektuetan ari naiz.
Zer da zuretzako ospe handiko halako musikariekin jotzea?
Ohore bat da horrelako musikariz inguratuta aritzea eta amets bat ere bai. Euskal Herriko txoko ezberdinetan jotzeaz gain, aukera izan dut bidaiatzeko, eta musikak, batez ere, momentu onak eta lagun asko oparitu dizkit askotan. Beraz, oso zortedun sentitzen naiz.
Udako oporraldia bukatuta. Zertan ari zara orain?
Udaran nahiko burubelarri ibili gara. Batetik, Janus Lesterrekin kontzertu ugari izan ditut, eta bestetik, nire bakarkako proiektuarekin hasi naiz eta udazkenari begira hori prestatzen ibili gara.
Bakarkako proiektuaren aurrerapena egiterik duzu?
Atzo diskoari izena ematen dion bigarren aurrerapen kantua kaleratu zen eta udazkenean hau aurkezteko data bat baino gehiago izango ditut, esaterako, urriak 18an Victoria Eugenia klubean izango naiz eta dagoeneko sarrerak agortuta daude, baina eskualdean ere aurkeztuko dut; urriaren 24an Lizartzan izango naiz, eta urriaren 30ean Tolosako Topic-en. Sarrerak dagoeneko salgai daude.
Zenbat kantu izango ditu diskoak?
Bederatzi kantu izango ditu eta irailaren amaieran aurkeztuko dut.