Casa Eceizak Bidean aitortza jaso du Euskadi 2030 Agenda Sarietan

Ataria 2026ko maiatzaren 5a

Aitortza honek erakusten du erakundeak Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) bere kudeaketan txertatzeko duen konpromisoa.

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Agenda 2030 sariak banatu zituen joan den asteazkenean Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, 102 erakunderen lana aitortu zuen, «Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) beren jardueretan integratzeko erakutsitako konpromisoagatik». Aipamena jaso dutenen artean dago Casa Eceiza enpresa.

Lehendakaritzako Gizarte Berrikuntzako Zuzendaritzak eta Agenda 2030ek bultzatutako sarien helburua da «GJHak enpresa kudeaketan integratzearen garrantzia sustatzea eta zabaltzea». Izan ere, jaurlaritzarentzat Garapen Jasangarriko Helburuak  «funtsezko elementuak» dira «lehiakortasun iraunkorrerako eta erakundeen konpromiso eraginkorrerako».

Errekonozimenduek «helburu bikoitza» dute: «GJHen ezarpenean aurreratuen dauden erakundeak identifikatzea, haien jardunbide egokiak erreferentzia eta inspirazio izan daitezen beste erakunde batzuentzat; eta arlo horretan egindako ahaleginari eta lortutako aurrerapen-mailari publikoki balioa ematea».

Hiru sailetan banatuta egin dituzte aitortzak: Aurreratua sailean, Bidean sailean eta Konpromisoa sailean. Bigarren horren barruan egin diote aitortza Casa Eceiza enpresari. Aitorpen horiek lortzeko, erakundeek aurrerapen eta emaitza maila jakin bat dutela erakutsi behar dute. Horretarako, Euskalit Fundazioak ebaluaziorako online plataforma bat garatu du, eta behar duten erakundeei laguntzeko zerbitzua eskaintzen du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!