'Isiltasunetik' dokumentala ikusgai Lizartzan

Ataria 2025eko maiatzaren 21a

Ostegunean proiektatuko dute Telmo Basterretxearen dokumentala, 19:30etan, Lizartzako udal aretoan.

Gorrak diren eskualdeko bi pertsonak Marokon zehar egindako bidaia baten bidez, entzumenaren eta isiltasunaren arteko elkarbizitza hizpide duen lana Isiltasunetik dokumentala. Itziar Agirrebarrena Beldarrain lizartzarra eta Enrike Zeberio Berger tolosarra dira filmeko protagonista nagusiak; gorrak dira biak jaiotzetik, eta Josu Iztueta eta Iker Iriarte bidaia-gidarien laguntzarekin 2023ko Aste Santuan Marokora egindako bidaia du oinarri.

Marrakexeko Jamaa el Fna plazako zalaparta, Atlas mendikateko lasaitasuna, Merzougako basamortuaren isiltasun eta bakea… Nolakoa da, ordea, mundua soinurik gabe? Hori bistaratuko du dokumentalak. Izan ere, Enrikek eta Itziarrek Marrakexko plazan edota basamortuan gauza bera entzuten dute: erabateko isiltasuna.

Hain justu, urtarrilaren 24an Leidor aretoan proiektatu zuten, eta orain, Lizartzan ikusteko txanda da. Proiekzioa ostiralean izango da, 19.30etan, udal aretoan.

Laburpena

Isiltasunetik… zer entzuten da? Hautatua al da? Derrigortua? Zer entzun nahiko luke modurik ez duenak? Zer ez luke entzun nahiko modua duenak?

Jaiotzetik gorrak diren bi lagunek furgonetaz Marokon egindako bidaia kontatzen du Isiltasunetik dokumentalak; gidari eta zeinu interpreteek lagunduta egindako bidaia.  

Kolorez, usainez, zaporez eta batez ere soinuz beteriko herrialde horretan, nola sentituko ote dute Marrakexeko Jemaa el-Fna plazaren bizitasuna edo basamortuko isiltasuna?

Entzuterik ez duena nola komunikatzen da?

Entzuterik ez duena nola komunikatzen da lurralde arrotz batean? 

Hain hurbil dugun eta hain ezezagun zaigun munduari leiho bat ireki nahi diogu, eguneroko bizitzan borroka etengabea duten bi pertsona hauen bidaia kontatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!