«Gimnasioa inauguratuta»

Naiara Roldan de Aranguiz 2025eko otsailaren 15a

Lizartzako inauteriak lehertu dira. Gaurko emanaldiarekin hasiera eman diote 2025erako prest duten festa errenkadari. Gaurkoan, ohikoa dutenez, lizartzarrak Aztinondo udal pilotalekuan elkartu dira gibela dastatuz inauteriei hasiera emateko. Umorerako tartearen ondoren, Otsolar dantza taldearen ikuskizuna izan da.

Ordubeteko saioa borobildu dute lizartzarrek Aztinondo udal pilotalekuan Lizartzako inauteriei hasiera emateko.

Txistu hotsak entzutearekin batera, inauterietako korporazioa azaldu da, eta eurentzat prest zegoen mahaiaren bueltan eseri dira, jarraian etorriko zen ikuskizunaz gozatze aldera. Mahai dotorea prest zuten, ardoa basoetan eta laster iritsi dira horrenbeste esperotako gibel pintxoak.

Garai batean, gaurko egunez, txekorra hil izana ospatzen zuten, gibel jatearekin batera. Honela, tradizioak eguneratu behar direnez, gaur egun, hilketarik ez, baina dastaketa mantendu egiten da. Honela, pintxo erretiluak ikusleen artean banatu dituzte antolatzaileek, bertsoak kantatzen zituzten bitartean: «Ta noski, gaurko egunez / gibela jaten genunez / jarrai dezagun bide beretik / gurea dugunez / jai giroa hurbil zaitez / beteko gera umorez / ohitura zaharrak alda daitezkenei / iñolaz galdu ez!».

Kirolari bezain saltsera

Umorea ez da falta izan gaurko ikuskizunean. Adineko lau emakumek hartu dute erabateko protagonismoa, ikusleen irribarreak eskuratuz. Lizartzara kirola eginda iritsi dira laurak, bidegorri berria estreinatuta, eta kirol gehiagoren beharraz, Lizartzako gimnasio berria inauguratzea erabaki dute. Honela, zinta kolokatu, alkatea eta Kirol zinegotziaren presentzia eskatu, egin beharreko aurreskua dantzatu, eta gimnasioa inauguratu dute. Izan ere, euren esanetan «Lizartzan gauza asko egin bai, baina ez dira inauguratzen. Ez gara onak gauzak inauguratzen, lunchak prestatzen...». Hori bai, argi utzi dute «inauguratu bai, baina oraingoz ezingo dela erabili» herriko gimnasio berria.

Umoretik jarraituz, herriko aldizkariaz mintzatu dira, eta baita hurrengo argitalpenei begira, eskaera bat luzatu ere: «Albiste arrosak behar ditugu». Herriko esamesei tartea egingo dion atala «ezinbestekoa» ikusten dute.

Barreak eta txaloak ez dira falta izan Aztinondoko harmailetan. Jarraian, Otsolar dantza taldearen ikuskizunaren txanda izan da. Neska-mutilek dozena bat dantza eskaini dizkiete bertaratutako herritarrei. Txiki-txikietatik hasi eta helduak bitartean oholtza bete dute. Lehenik, dantza tradizionalagoak dantzatu badituzte ere, amaieran garaikideagoentzako tartea ere gorde dute.

Honela, 2025eko inauterien lehen apurrak dastatzeko aukera izan dute lizartzarrek. Hurrengo asteburuan gehiago:

EGITARAUA

 

  • OTSAILAK 21, OSTIRALA
    • 14:15. Eskolak antolatuta mozorro festa. Ondoren. Kalejira.
  • OTSAILAK 22, LARUNBATA
    • 07:00. Plazan elkartu dantzari, txantxo eta txistulariak eta kalejiran Uetako zubitik denak batera, Diana abestuz hasiko dute inauteria.
    • 07:30. Puske biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin ospeletik.
    • 10:00. Etxe-zahar baserrian geldialdia.
    • 12:00. Mozorroen eta txarangaren irteera Joxe Mariko aparkalekutik.
    • 13:30. Arrateko zubian denak elkartu ondoren, bazkari autogestionatua, frontoian.
    • 18:00. Frontoitik kalejiran aterako dira plazarantz. Bertan, sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta Lizartzako talogileek egindako taloak jateko aukera.
  • OTSAILAK 23, IGANDEA
    • 10:00. Meza nagusia. Ondoren. Hamaiketakoa plazan.
    • 12:00. Dantzariak kalean ibiliko dira puskak biltzen. Gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera. Ondoren. Lizartzako Inauteri Dantzak plazan.
    • 14:00. Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan, txarangak alaiturik.
    • 16:30. Erromeria Estanga anaia-arrebekin.
    • 19:30. Plazan ijitoa errez inauterien amaiera.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!