Hankak astinduta, prest dituzte inauteriak Lizartzan

Ataria 2025ko ots. 12a, 11:58

Larunbatean abiatuko dira inauteriak Lizartzan, eta datorren asteburuan, otsailak 22 eta 23an, inauterietako dantza bereziak ikusi ahal izango dira.

Hemen dira Lizartzako inauteriak, eta lau egunez izango dute zertaz gozatu herritarrak. Ohi moduan, larunbaten abiatuko dituzte, 12:00tan, gibela dastatuz, eta ondoren, Otsolar dantza taldearen emanaldia ikusteko aukera izango da plazan. Datorren asteburuan izango du mozorro festak jarraipena.

Ostiralean, esaterako, eskolako haurrek egingo dute dantza, eta datozen bi egunetan, herriko dantzarien txanda izango da. Ohitura denez, larunbatean, herriko dantzariak baserriz baserri joaten dira puskak biltzen, eta igandean, herriko kalean egiten dituzte dantzak. Puska biltzen jasotako guztia gerora jaten dute, inauterien ostean, Puska biltze afaria deitzen dioten horretan, txantxo, dantzari eta laguntzaileen artean.

ENTSEGUAK

Iaz abiatu zituzten dantzariek azken bi egun horietako entseguak; urrian, herriko dantzari txikien entseguak hasi ziren, eta azaroan, berriz, helduen entseguak. Haritz Alaña eta Akaitz Sarasola dantzariak hamabost urte inguru daramatzate horietan parte hartzen, eta dantzak «aski ondo» ezagutzen dituzte.

Gazteen taldea duela sei urte osatu zuten. Alaña eta bere amak gidatzen zuten, eta egun, semeak horretarako ardurarekin jarraitzen du. «Plazan bezala ez, baina entsegua ahal den antzekoena egiten saiatzen gara», gaineratu du. Gunen elkartzen dira eta inauterietako abestiak bata bestearen atzetik entseatzen dituzte.

Inauterien dantza sortak 15 dantza ditu, baina makil dantza eta pala dantza kalean puska biltzen ibiltzen diren egunean bakarrik egiten dituzte. Jai egunean bada berezia den beste dantza bat ere; soka dantza. Igandean egiten dute eta aurreskua bezala, soka dantza berezia dute Lizartzan. Bi egun horietako jantziak ere aldatzen dituztela gaineratu du Sarasolak. Larunbatean, esaterako, zuriz jantzita eta txapela gorriarekin joaten dira, eta igandean, gerriko gorria, alpargata eta koloretako mantoiak gehitzen dizkiete jantziei.

Sarasolak gogorarazi duenez, elementu berezi gehiago dituzte lizartzarrek. «Taldea dantzariz osatuta dago, baina aurrealdeko eskuinean, kapitaina, eta ezkerrean, sarjentua joaten dira, eta atzealdean, berriz, bi espentxeroak».

BILAKAERA

Urteak dira lizartzarrak puska biltzera ateratzen direla, eta urte hauetan egon den bilakaera nabarmendu du Sarasolak: «Taldean kopuruan baino dantzarien adinean egon da bilakaera. Mutil dantzak izan dira tradizionalki, baina ni hasi nintzenean, duela 15 urte inguru, 60 eta 65 urte bitarteko gizonekin egiten genuen dantza eta orain zaharrena ni naiz. Horregatik, dantza hauen iraupenean arriskua dagoela uste dute».

LIZARTZAKO INAUTERIETAKO EGITARAUA

  • OTSAILAK 15, LARUNBATA
    • 12:00. Inauteriei hasiera emango zaie gibela dastatuz. Ondoren. Otsolar dantza taldearen emanaldia.
  • OTSAILAK 21, OSTIRALA
    • 14:15. Eskolak antolatuta mozorro festa. Ondoren. Kalejira.
  • OTSAILAK 22, LARUNBATA
    • 07:00. Plazan elkartu dantzari, txantxo eta txistulariak eta kalejiran Uetako zubitik denak batera, Diana abestuz hasiko dute inauteria.
    • 07:30. Puske biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin ospeletik.
    • 10:00. Etxe-zahar baserrian geldialdia.
    • 12:00. Mozorroen eta txarangaren irteera Joxe Mariko aparkalekutik.
    • 13:30. Arrateko zubian denak elkartu ondoren, bazkari autogestionatua, frontoian.
    • 18:00. Frontoitik kalejiran aterako dira plazarantz. Bertan, sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta Lizartzako talogileek egindako taloak jateko aukera.
  • OTSAILAK 23, IGANDEA
    • 10:00. Meza nagusia. Ondoren. Hamaiketakoa plazan.
    • 12:00. Dantzariak kalean ibiliko dira puskak biltzen. Gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera. Ondoren. Lizartzako Inauteri Dantzak plazan.
    • 14:00. Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan, txarangak alaiturik.
    • 16:30. Erromeria Estanga anaia-arrebekin.
    • 19:30. Plazan ijitoa errez inauterien amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!