Elkarrizketa

«Pilota sustatzea eta bultzatzea garrantzitsua dela iruditzen zait»

Imanol Garcia Landa 2024ko mai. 30a, 07:57

Koxme Elurbe, ezkerretik bigarrena, Unai Garmendiarekin batera 2005eko Hitza Pilota Txapelketaren sari banaketan.

Hogei urte bete arte pilotan aritu zen Koxme Elurbe (Lizartza, 1987), eta tartean Hitza Pilota Txapelketa jokatu zuen. Etorkizunekoen mailan finalera iritsi zen, 2005ean, eta Unai Garmendiarekin batera 22-11 galdu zuen Ugaitz Renobales eta Ismael Larrazabalen aurka.

Gogoan duzu Hitza Pilota Txapelketako 2005eko final hura?

Sari banaketako argazkia ikusi dudanean etorri zait gogora finala, baina ez nola joan zen partida zehazki. Unai Garmendia nire bikotekidea izan zen urte horietan eta gogoan dut 2008an Gipuzkoako Txapelketa irabazi genuela. Gure mailan Ugaitz Renobales, Azpeitiko Larrañaga eta ni ibiltzen ginen beti final gehientsuenetan. Hitza Pilota Txapelketako final horretan, esaterako, gogoan dut pilotekin tirabiraren bat izan genuela, baxuak zirela-eta kexatzen ginen. Orduan, badakizu, gaztetan iruditzen zitzaigun denaren zentroa gu ginela, eta eztabaida izan genuen, baina horretan geratu zen.

Eta txapelketa bere osotasunean gogoan duzu?

Oroitzapen ona dut. Hemen Tolosaldean jokatzen zenean, etxetik gertu izaten genituen partidak. Bestela, euskal liga jokatzera ez dakit noraino joan behar izaten genuen. Hemen oso gustura jokatzen genuen, eta maila handiko jendea etortzen zen. Gipuzkoako onentsuenak elkartzen ginen, eta bizkaitarrak ere etortzen ziren. Nik Amezketan entrenatzen nuen, Zazpi Iturrin, eta umetan Tolosan ibili nintzen.

Zuk 20 urte zenituela utzi zenuen pilota.

Nire inguruan onentsuenak zirenak debuta egin zuten profesionaletan: Apezetxea, Urrutikoetxea, Zabaleta... Ni txiki samarra geratu nintzen pilotarako, ez genuen aukera hori izan, 20 urterekin lanean hasi nintzen eta pilota utzi nuen. Pilotaren inguruko oroitzapen onak ditut: kirola egiteaz gain Tolosaldean egindako lagunak hor daude. Giro ona izaten genuen gure artean.

Pilotarekin harremana izaten jarraitzen duzu?

Afizionatu mailakoa ez dut asko jarraitzen. Profesional mailakoak asko ikusten ditut, eta Ataria Pilota Topaketa bezalako egitasmoen berri izaten dut, irakurtzen duzuna eta. Gero profesionalak izan diren hainbat hortik pasatakoak dira.

Ataria Pilota Topaketa bezalako egitasmoek zer garrantzi dute zure ustez?

Niri aukera polita iruditzen zait. Guk txikitan gehiago mugitu behar izaten genuen, Nafarroa aldera eta. Hemen Gipuzkoan, Tolosa inguruan eta, ez dakit txapelketa asko egiten ziren umeentzako. Orain eskualdeko gaztetxoek aukera hau izatea oso polita da. Egun Tolosan bizi naiz, baina Lizartzara joaten naiz, eta hor martxan dago eskola pilota; afizioa badago eta pozgarria da. Tolosan ere ikusten dut mugimendua dagoela. Gu, behintzat, txikitan pilotan erabat aritzen ginen. Hemengo kirola da eta pilota sustatzea eta bultzatzea garrantzitsua dela iruditzen zait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!