Gipuzkoako Pilota Federazioan teknikari lanak egiten ditu Iraitz Olaetxeak (Lizartza, 1991). Pilotari moduan afizionatu mailan ere aritu zen, baina eskuetako arazoak tarteko, ez zuen aurrera egin. Hitza Pilota Txapelketako lehenengo edizioan txapela jantzi zuen infantil mailan, Haritz Sagastibeltzarekin batera.
Hogei urte pasa dira Hitza Pilota Txapelketan txapela jantzi zenuenetik.
Argazkia ikusi dudanean, ederra izan da. Politena da hogei urte pasa direla, eta nik jokatzen nuen formatu horretan, orain Lizartzan ni aritu naiz pilotarien izen emateak egiten eta partiden jarraipena egiten. Nik pilotari bezala bizitutakoa, orain beste alde batetik bizitzen ari naiz. Oroitzapenak etortzen ziren, lehen nola bizitzen nituen partida horiek. Txuriz jantzita, jendea pilotalekuan, eta bizitutako partida garrantzitsu horiek orain beste batzuei jokatzeko aukera ematea, eta hori oso polita ikusten dut.
Gogoan duzu final hura?
Txapelketa hartan Sagastibeltzak ikaragarri jokatzen zuen eta sekulako kolpea zuen; argazkian ikusten da sekulako mutila zela. Nik sakatu eta ahal nuen gutxiena galdu, eta gauzak txukun samar egiten nituen; benetan berak irabazi zuen txapelketa hura. Nik partida ez galtzeko beldur hori nuen finalean. Harreman oso polita egin nuen berarekin, eta oso txapelketa polita izan zela gogoratzen dut.
Txapela gordeta duzu?
Banituen gordeta, baina orain zehazki ez dakit non dauden. Hori lehenengo txapela izango zen niretzat, eta bere garaian gogoratzen dut gelan jarrita egon zela denbora luzez.
Egun nola ari dira bizitzen Otsabio pilota elkarteko pilotariak Ataria Pilota Topaketa?
Beraientzat oso polita da, batez ere benjamin eta alebinentzat. Hauek eskolarteko txapelketak jokatzen dituzte, baina beste formatu batean, eta horrelako topaketa bat jokatzeak, propio egindako kamiseta batekin, ilusio handia egiten die. Batzuentzat herritik kanpo jokatuko dituzten lehen partidak izango dira, beraz, pentsa beraientzako zer den.
Diozun moduan, batzuentzat esperientzia berria da.
Lehenengo pausoak emateko modu bat da, eta gainera niretzako garrantzitsua da eskualde mailan izatea. Aukera ematen die inguruko herrietara joateko, beste pilotari batzuk ezagutzeko, harremanak egiteko... Urte sasoi hau ere oso egokia, eskola kirola-eta bukatuta dituztenean topaketa hau izatea, eta denboraldia sentsazio onarekin bukatzeko uste dut perfektua dela. Eskualde guztiko elkarte eta eskola guztiek parte hartzen dutela ikusita, uste dut topaketa honen altxorra dela eskualdean hartu duen tokia; azken finean egutegian bere lekua du. Bestalde, ikusten da eskualdean hemengo klubek duten indarra eta nola dauden; uste dut baloratzekoa dela zenbat jende dagoen hor atzean borondatez lanean.