Lizartzarrak prest daude inauterietarako

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urt. 27a, 13:39

Lizartzan hasi dira hurrengo astebururako motorrak berotzen, eta gaur, emanaldi berezia izan da frontoian. Inauterietako udalbatzak zenbait arau ezarri ditu, bertsoak abestu dituzte, Otsolar dantza taldeak emanaldia egin du, eta hori gutxi balitz, gibela dastatzeko aukera izan dute bertaratu direnek.

Inauteriak bi asteburuetan banatuta ospatzen dituzte lizartzarrek, Tolosako Inauterien aurreko bi asteburuetan, hain zuzen. Aurten, hortaz, asteburu honetan eta otsailaren 2, 3 eta 4an ospatuko dituzte. Ohitura zaharrekin jarraituz, lehen asteburuan Txekor Eguna izaten dute, eta gaur ospatu dute. Aspaldian txekorra hiltzen zuten astebete lehenago, ondoren inauterietako igandean jateko. Dantzariek antolatzen zituzten inauteriak eta otorduetarako txekor txiki bat hiltzen zuten hura jateko. Ohitura hori duela 50 urte berreskuratu zuten herritarrek. Garai batean txekorra plazan hiltzen zuten, baina gaur egun antzerkia egiten dute frontoian. 

Gaur, ordea, ez dute antzerkirik egin. Inauterietako udalbatzak zenbait arau azaldu ditu hurrengo asteburura begira. Ondoren, bertsoak kantatu dituzte herritarrek, eta amaitzeko, Otsolar dantza taldeak emanaldia egin du, hori guztia, musikariez lagunduta. Tartean, eta azken urteetako usadioarekin jarraituz, gibela dastatzeko aukera izan dute bertaratu diren herritarrek.

Inauteri dantzak hurrengo asteburuan egingo dituzte, otsailaren 3 eta 4an, eta dantzak puska biltzearekin bat egiten du. Herriko dantzariak larunbatean baserriz baserri aritzen dira dantzan, eta igandean, berriz, herriko kaleetan egiten dituzte dantzak. Puska biltzean jasotako guztia gerora jaten dute, inauteriak eta gero, Puska Biltze Afarian, txantxo, dantzari eta laguntzaileen artean.

Honakoa da hurrengo asteburuko egitaraua:

  • OTSAILAK 2, OSTIRALA.
    • 14:15. Eskolak antolatuta mozorro festa.
    • Ondoren. Kalejira.
  • OTSAILAK 3, LARUNBATA.
    • 07:00. Plazan elkartu dantzari, txantxo eta txistulariak eta kalejiran Uetako zubitik denok batera, “Diana” abestuz hasiko dugu inauteria.
    • 07:30. Puske-biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin ospeletik.
    • 10:00. Etxe-zahar baserrian geldialdia.
    • 12:00. Mozorroen eta txarangaren irteera Joxe Mariko aparkalekutik.
    • 13:30. Arrateko zubian denok elkartu ondoren, bazkari autogestionatua, herriko frontoian.
    • 18:00. Frontoitik kalejiran aterako dira plazaruntz. Bertan sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta “Lizartzako talogileak” egindako taloak jateko aukera izango da.
  • OTSAILAK 4, IGANDEA.
    • 10:00. Meza nagusia.
    • Ondoren. Hamaiketakoa plazan.
    • 12:00. Dantzariak kalean ibiliko dira puska biltzen. Gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera.
    • Ondoren. Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan, txarangaz alaiturik.
    • 17:00. GALA ZIRKOA (Diabolo, hula hop, eskuz-esku porteak, oihal eta trapezio aereoak...) ikuskizuna. Tartean zozketak eta luzea saria egongo direlarik.
    • 19:30. Plazan “ijitoa” errez inauterien amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!