Euskal presoek «etxerako bidea» itxita dutela salatu dute

Ataria 2023ko abe. 26a, 13:55

Atzo, lizartzarrek plazan eginiko agerraldia.

Sare herritarraren 'Konponbiderako giltza' manifestuarekin bat egin dute hainbat lizartzarrek; urruntze politika amaitu bada ere, euskal presoek legedia arruntaren ezarpenaren aurrean oztopoekin jarraitzen dutela adierazi dute.

Lizartzako plazan elkartu diren hainbat herritarrek duela bi hilabete Sarek aurkeztutako Konponbiderako giltza manifestuarekin bat egiten dutela adierazi dute. Kulturgile, sindikalgintza, legelari, kirolari eta abarrek «konponbiderako giltza» izateko konpromisoa hartu duten bezala, lizartzarrek esan dute «argi» dutela beraiek ere giltza izan behar dutela.

Adierazi dute urte asko daramatzatela ateak zabaltzen eta beste ate batzuk itxiz, dispertsio politikaren atea kasu. «Urteetan itxita izan diren ate ugari irekitzeko bidea izan gara, hau guztia noski espetxeetan dauden presoekin batera egin dugu, Aitor eta Jonekin batera».

Urruntze politika amaitzearekin batera, espetxe politikaren barruan aldaketak ematen ari badira ere, «behin eta berriz» euskal presoek  oraindik ere «etxerako bidea» itxita dutela salatu dute. «Fiskaltzak, Espainiako Audientzi Nazionalaren laguntzaz, legedia arruntaren ezarpenaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen du», esan dute.

Hala, bi preso lizartzarren kasuak gogoratu dituzte: «Aitor Agirrebarrenaren kasuan, 21 urte pasa daramatza espetxean eta beraz gaur egun betetzen ari den zigorraren erdia beteta duenez dagoeneko 3. graduan kalean egoteko eskubidea izan beharko luke. Zer esanik ez, Europako legediak dioen moduan, Frantzian bete zituen 8 urteak kontuan hartuko balizkiote. Jon Rubenachen kasuan, berriz, espetxean 20 urte abendu honetan bete ditu, eta kontuan hartu behar dugu Frantziako espetxeetan bete dituen 15 urteak kontuan hartuko balizkiote, Lizartzako kaleak zapaltzen hasteko baldintzetan egongo litzatekeela».

Hori kontuan hartuta, «ateak zabaltzen» jarraituko dutela adierazi dute, «salbuespenari ere zirrikitu oro ixteko», eta Sarek antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute: «Datozen egunetan ere milaka giltza izango gara. Giltzak kaleetan, fabriketan, ikastetxeetan, Ostatuan... astinduko ditugu, eta giltzen olatu bihurtuko dugu Bilbo urtarrilaren 13an, bertako kaleak konponbiderako, elkarbizitzarako eta etxerako giltzez betez. Etorkizunaren atea zabaldu eta salbuespenari atea ixteko giltzarria gara».

Ostiralean, bestalde, hileko azken ostirala izaki, elkarretaratzea egingo dute plazan, 20:00etan. Urteko azken egunean, berriz, Etxera topa egingo dute, Ostatuan, 20:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!