Urtero erronka berri bati eusten dio Lizartzako Otsabio Elkarteak, eta aurtengoa ere martxan dute Ezetz 4! lelopean. Honela, elkarteak hainbat mendi irteera proposatuko ditu, azaroan hasi eta ekaina bitartean. Erronkarekin bat egiten duten parte hartzaileek, gutxienez, horietako lauetan saiatu beharko dute parte hartzen, eta bakoitzak horren lekuko bat aurkeztu beharko du ekaina bukaeran. Horretarako, elkarteak album bat entregatuko dio interesa duen bakoitzari.
Aurtengo erronkak helburu desberdinak dituela azaldu du Arantxa Mendizabal elkarteko kideak: «Batetik, Lizartzatik atera eta inguruan dauden mendi eta ibilbideak ezagutzea, mendiaz gozatzea eta mendia maitatzea, familia giroan eta gure artean ondo pasatzea eta disfrutatzea eta, nola ez, belaunaldi berri edo gazteei gure kultura transmititzea».
Irteera bakoitzean parte hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran; bata txikia (01:30:00eko denboran egiteko modukoa) eta bestea luzea (4 orduko denboran egiteko modukoa). Ibilbideak hurrengoak izango dira:
- Azaroak 25: Pernandoren ibilbidea.
- Urtarrilak 20-21: Belagua.
- Otsailak 25: Aiako harriak.
- Martxoak 17: Aizkorri Urbia.
- Apirilak 21: Zumaiako Flyshak.
- Ekainak 15-16: Panticosa.
Mendizabalek jakinarazi bezala, erronka burutzen duten guztiek izango dute saria eta sari potoloagoak ere zozketatuko dira amaieran. Guzti honen aurkezpena ostiralean egingo dute, 18:30ean, Lizartzako udaletxeko aretoan. Interesa duten edonork egun horretan albuma jasotzeko aukera ere izango du, albuma osatzen joateko.