«Lizartza herri bizia izatea da gure proiektu nagusia»

Leyre Carrasco 2023ko urr. 25a, 07:57

Lizartza bizirik mantentzeko helburuarekin jarraituko dute, herriko zerbitzuak mantenduz eta harreman zuzenak eraikiz.

Bigarrengo aldiz eutsi dio karguari Iñaki Azpirozek (Lizartza, 1974). Aukera berri hau «baliagarri» suertatu zaiola adierazi du, «gai batzuk ixteko eta beste batzuei jarraipena emateko», eta horretan jardungo du datozen lau urteetan.

Bigarrengoz heldu diozu alkatetzari. Zer moduz hasi duzu?

Legealdi hasiera ez da izan hain estresagarria. Aurrekoaren bukaera askoz ere gogorragoa izan zela uste dut, gai asko bateratu baitzitzaizkigun, udalaren egunerokotasuna eta hauteskundeak, esaterako. Azkenean, nahi edo ez nahi, hauteskundeei begira erakusleihoan zaude eta horrek lan gehigarria dakar. Gainera, Eskola Txikien Festa egitea ere egokitu zitzaigun, eta guraso naizen aldetik, eta udal ordezkari naizela kontutan hartuta ere, lan talde askotan egon behar izan nuen, baita udaleko ardurekin ere. Horregatik, maiatza eta ekaina oso gogorrak izan ziren. Lau urteren ostean, aurtengo uda lasaiena izan dela esan dezaket, nahiz eta legealdi hasiera izan. Iaz ostatua goitik behera berritu genuen eta horrek sekulako tentsioa sortu zuen festetarako ireki nahi genuelako. Erlojuari kontra eginez ibili ginen abuztuko azken astean irekitzeko.

Hala ere, horrelako dinamika batean sartzen zarenean konturatzen zara lau urte ez direla asko. Hainbat proiektutan konturatzen zara urtea segituan pasa dela. Gainera, batzuk behintzat oso garbi genuen ez zirela lau urte bakarrik izango, eta hori baliagarri izan da gai batzuk ixteko eta beste batzuei jarraipena emateko.

Kudeaketa horretan taldearen babesa ere garrantzitsua izango da, ezta?

Bai, gainera, kontuan izan behar da aurreko legealdiko bost kideek jarraitzen dugula, eta hori oso garrantzitsua da. Taldeko bat gehiago sentitzen naiz, nahiz eta gero alkateak gai zehatz batzuekin ardura handiagoa izan. Hala ere, aurreko talde berdintsua izateak babesa ematen dizu, lan dinamikak jada hartuta ditugulako. Horregatik, legealdi hasiera oso naturala eta lasaia izan da.

Nola baloratuko zenuke maiatzeko udal hauteskundeetan jasotako emaitza?

Aurreko legealdian gertatu zitzaigun beste alderdi bat zegoela, eta horrek tentsio puntu bat sortu zuen herritarren artean. Nik uste horrek herritar asko bozkatzera joatea eragin izan zuela. Aurreko legealdian ez bezala, aurtengo hauteskundeetan erlaxazio puntu bat sumatu da. Izan ere, bakarrik aurkeztu ginen eta bozka aldetik abstentzioa asko igo da. Aurreko udal hauteskundeetan 296 botoetatik 271 boto izan genituen, eta aurtengoan jaitsiera bat egon da, 247 boto jaso baititugu. Hasiera batean datuak ikusi nituenean zalantzak izan nituen, baina foru hauteskundeetakoak proportzionaltasunean ikusten dituzunean egia da horrek ere lasaitu bat ematen dizula.

Zein proiektu nagusi dituzue lau urte hauetarako?

2019an udalean sartu ginenean gure programaren titularra izan zen Lizartza herri bizia, bizia duen herria eta aurten lelo berdinarekin jarraitzen dugu. Herriko elkarteekin harreman zuzena eduki nahi dugu, esaterako, kultura eta euskara taldeekin. Elkarte ugari ditugu eta beraiekin harreman zuzena eta naturala edukitzea ezinbestekoa da.

Herri bizia izateko zerbitzu ezberdinak izatea ere garrantzitsua da zuek bezalako herri txikientzat, ezta?

Bai eta gu bezalako herri txikientzako hori borroka handia da. Adibide bat jartzearren, ostatuarekin amaitu genuen eta aurreko legealdian hiru lizitazio izan genituen. Obra handia egitea lortu genuen eta urtebeteren ostean amaitu genuen dena. Zerbitzu horiek gabe ezingo genuke lortu kanpoko jendea erakartzea edo herritarrak bertan geratzea, horregatik, gure dinamika horri eustea da. Zerbitzu guzti horiek mantendu beharrak lan handia du, baina ezinbestekoa da. Gure proiektu nagusia herri bizia izaten jarraitzea da.

Hirigintzari begira baduzue proiekturik eskuartean?

Aurreko legealdi osoan lantzen aritu ginen moduan, udal eraikin eskola bilakatzeko asmoa dugu, eta horretan gabiltza lanean horrek ekarriko duen guztiarekin. Ondorioz, udaletxea Alondigara pasako genuke. Eraikin oso handia denez, hor zer aukera sortzen diren aztertu beharko genuke, kultur gune bat, esaterako. Horretarako, argi dago, finantziazioa ezinbestekoa dela eta herri txikiok dugun beste arazoetako bat hori da. Eskolaren proiektua lasaitasunez hartu nahi dugu, bide guztiak aztertuz. Izan ere, finantziaziorik gabe ezingo genuke aurrera egin.

Horrez gain, arau orokorrekin bete-betean sartuta gaude. Legealdi bukaeran hasi ginen eta partaidetza prozesu bat egin zen; orain horren dinamikan gabiltza eta beste bi urtetxo iraungo ditu. Mugikortasun plana bukatu berri dugu eta aukera desberdinak aztertu ditugu. Batetik, erdiguneko kotxeak kendu ea zein beste aukera sortu daitezkeen ikusteko edo udaletxea Alondigara eramaten badugu Kale Nagusiari beste formatu bat eman beharko genioke, errepide nagusia bertatik igarotzen baita. Guzti horrek beste egoera batera eramango gaitu, baina bertan eroso bizi ahal izateko beste aukera berriak bilatuz.

Etxebizitza arloan baduzue egitasmorik epe motzera?

Hor borroka bete-betean gaude uraren arazoarekin. Orain arte genituen hainbat aukera atzera bota beharko ditugu, uholde-arriskuek ez digutelako hainbat eraikin egiten uzten. Beraz, horrekin mugatuta gaude. Eskolako proiektuarekin bezala, hainbat ate jo beharko ditugu.

Hor aipatzekoa da eskola egungo udaletxean kokatu ahal izateko emergentzia plan bat egin behar izan dugula. Udal txikiak ez gaude behartuta emergentzia plana egitera baina guk egin dugu gune kritikoak dauden tokietan ea zerbait egiterik dagoen bermatzeko eta egoera zail bati aurre egiten jakiteko.

Lizartza industriagunez dago inguratuta. Mugikortasunari dagokionez, zerbait egiteko asmorik ba al duzue?

Lizartza eta industriagunea elkartzen duen baso bidea dugu, baina gure asmoa bi gune horiek oinezkoen bide edo bide berde antzeko batekin elkartzea izango litzateke. Hori gauzatzeko diru laguntza bat lortu dugu eta baimenak ere eskatu ditugu Gipuzkoako Urak-en eta Gipuzkoako landa, baso eta animalien sailean; izan ere, Natura 2000 Sarean gaudenez, ibai ertzean dagoen guztia babestuta dago eta ezin dugu edozein gauza egin. Horregatik, bi planteamendu ditugu, bata, Insalusetik, Iraungo zubia esaten dioguna edo Nafarroa bidearen zatitxo bat oinezko paseotxo bat jarriko genuke, eta beste planteamendua Lizartzatik hasi eta poligonoak elkartuko lituzkeen paseotxoa eraikitzea, jakinda hemen badagoela jendea lanera errepidetik oinez joaten dena. Beraz, horrek ere segurtasuna bermatuko luke.

Lehen sektoreari dagokionez beharrik sumatzen al duzu?

Bai eta gai honi heldu nahiko genioke. Gainera, taldean lehen sektorearen inguruan asko aritzen den Izaro Zubiria dugu eta gure asmoa pauso txikiak ematea izango litzateke. Horregatik, iazko legealdian jarri genuen helburuetako bat baserritarren taldea sortzea izan zen, urteko ekintzak antolatzeko eta dinamika bat sortzeko. Hilaren 29an, igandean, Araizeko azokan parte hartuko dugu eta postu txiki bat jarriko dugu Lizartzako produktuekin.

Euskara bultzatzeko egitasmorik?

Euskara hain egurtuta dugun une honetan, martxan jarri dugun beste proiektu bat euskara eta kulturartekotasuna izan da. Alegia, udala, eskola eta UEMAren arteko lan dinamika bat da, non ikasturtean zehar egiten diren bilera guztietan etorkinei xuxurlari lanak egiten zaizkien. Duela hilabete bat aurkeztu ziguten eta Lizartza proiektu horretan sartu da. Modu horretan, antolatzen ditugun bilera guztiak euskaraz egitea ahalbidetzen dugu, eta atzerritarrak ere lasaiago sentitzen dira. Egun bizi garen gizartea kontutan hartuta proiektu garrantzitsua iruditzen zait, izan ere, etorkinen mugimendua handia da eta horiek integratzeko modua da. Helburua bertako hizkuntzarekin integratzea da, eta baita etorkizun batean gaztetxoek beren gurasoei beraien jatorri hizkuntzan xuxurlari lanak egitea ere.

Herri giroa sustatzen jarraitzeko asmorik?

Noski. Azaroan kultur hamabostaldia egingo dugu. Herritar batzuk ekitaldi gehiegi egiten ditugula esaten digute, ez dugula margenik uzten asteburu bat lasai igarotzeko. Hala ere, horri esker uste dut herri giro polita dugula Lizartzan. Aurtengo festetan ere ikusi da zein giro egon den eta garrantzitsua iruditzen zait aipatzea auzolanerako egon den jarrera. Gainera, Eskola Txikietako olatutik irten berri gara eta hori oso harrigarria izan da. Horregatik, esan dezaket kultur eta ekintza dinamika nahiko handia dugula herrian.

Zein beste proiektu dituzue martxan?

Eskualdean kanpaina bat abiatuko da zaborraren inguruan. Hemendik hilabete batera herriko gune ezberdinetan panelak jarriko ditugu batetik, eta, bestetik, harrera plan bat banatuko dugu etxez etxe. Izan ere, hor gabezia ikusten genuen, badagoelako jendea Lizartzara etorri dena eta ez ditu bertako zerbitzuak ezagutzen. Hilerriko espazioa ere zabaltzen hasi gara, beteta baitzegoen. Energiari dagokionez, aurreko legealdian hainbat teilatu hornitu genituen energia komunitatearen inguruko proiektua martxan jartzeko. Komunitatea jada sortu dugu, eta 90 herritar inguruk parte hartu dute Lizartzan. Oso pozik gaude, baina ea nola funtzionatzen duen ikusiko dugu. Behintzat sentsibilizatzeko, dinamika berriak sortzeko eta bertakoa bertan kontsumitzeko balio badu, positiboa izango da guretzat. Eta, birkarga elektrikoak ere martxan ditugu.

Ba al dago bereziki kezkatzen zaituen gairik?

Lizartzak Nafarroarekin muga egiten du. Horrek zer esan nahi du? Gipuzkoako bidegorriaren sarean sartzeko garaian ez kontutan hartzea, eta aurtengo legealdiko gure helburuetako bat Lurralde Plangintza Sektorialean (LPS) Lizartza arteko bidea sartzea. Bidegorri sareari begira, Tolosa eta Tolosaldeko nukleoa hartuta nahiko ase dagoela uste dut eta Tolosaldeko bidegorri sarea zabaltzea beharrezkoa dugu. Horregatik, Lizartza hautagai ofiziala eta naturala izan beharko lukeela uste dut. Aurreko legealdian izan genuen bilera batean aipatu bezala, ez da bakarrik gure ustea, Tolosaldeko hainbat herriren ustea ere bada hori. Tolosatik Lizartzarako bidea ikusten badugu, aldapa handirik gabeko errepidea dela ikusiko dugu, eta horrek errepide sarea egitea bermatzen du.

Hor aipatzekoa da ez garela bakarrik joan, hau da, Tolosako beste hainbat herrirekin ere abiatu genuen proiektua izan da. Hain zuzen, Altzo, Leaburu-Txarama eta Lizartza artean egindako proiektua izan da. Hori jada aurkeztu dugu eta bide onetik joatea espero dugu.

Nola ikusten duzu eskualdeko kooperazioa?

Gaur egun zenbait zerbitzu ez gara behar bezala bideratzen ari herri txikiok dugun baliabide faltarengatik. Izan ere, hainbat zerbitzu eskualdetzera behartuta gaude. Horrek ez du zentralizatzea esan nahi, zerbitzu horien kudeaketa modu efizienteagoan egitea baizik. Adibidez, Lizartzak gaur egun agian ez du euskara teknikaria behar baina etorkizun batean euskara zerbitzuak beharko ditu. Hori eskualdetuta egin beharko dugu, hau da, langile partekatuen bidez, eta gaur egun Tolosaldea Garatzenen bidez hori lortu dugu. Elkarrekin joatea ezinbestekoa da, indartzeko. Elkarren behar handia dugu.

Zein mezu zabalduko zenuke lizartzarren artean?

Aktiboak izaten jarraitzeko eta herrian antolatzen diren ekintzetan eta antolakuntzan parte hartzeko. Talde ezberdin asko ditugu herrian eta horietan ere naturaltasunez parte hartzeko esango nieke. Beti esan dugun moduan gertukoak gara eta gertukoak izaten jarraituko dugu, beraz, naturaltasunez bizitzeko. Hor ere iazko legealdian egin genuen kale inkesta aipatu nahiko nuke, herritarren beharrak entzun eta aztertzeko asmoz. Ez gara bertan jasotako galdetegi guztiak aztertzera iritsi, baina legealdi berri honetan, iaz egin genuen antzera, Kale Tertuliarekin aurrera egin nahiko genuke. Beraz, naturaltasunez gerturatzeko eta proposamenak botatzeko, gu entzuteko prest gaude eta.

Erlazionatuak

Iñaki Azpiroz, Lizartzako alkatea

Leyre Carrasco 2023 urr 25 Lizartza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!