Lizartza ere batu da festara!

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko ira. 7a, 21:58

Gaur arratsaldean hasi dira Lizartzako jaiak, hiru ekitaldi nagusirekin: Isk&Bila txarangaren kalejira, haur danborrada eta patata tortilla erraldoia. Bihartik igandera bitarte adin guztietako herritarrentzako ekitaldiak izango dira herrian.

Isk&Bila txarangaren kalejirak hurbildu ditu herritarrak txupinazora. Ermitan hasi eta plazan amaitu dute ibilbidea. Herriko jaietarako gogoa nabaria zen txarangaren atzetik saltoka zihoazen lizartzarren aurpegietan. Bitartean, plazan, beroarekin nahikoa ez, eta patata tortilla  egiten aritu dira batzuk. Ez nolanahikoa gainera. Erraldoia. 20 dozena arrautza eta 40 kilo patatakoa. Herritar guztiak asetzeko adina.

Hala ere, gaurkoan protagonista nagusiak haur danborradako partaideak izan dira. Suziria lehertu aurretik igo dira oholtzara, eta ondoren, txarangaren doinuekin batera astindu dituzte makilak; gustura aritu dira. Eta txarangak azken kantua jo duenean, orduan bai, orduan denak tortilla dastatzera.

Ondorengoa izango da datozen egunetarako prestatu duten egitaraua:

  • Irailak 8, ostirala
    • 10:00. Diana Lizardi txistulari taldearekin.
    • 11:00. Meza nagusia Sagrarioko ermitan.
    • 12:00. Hamaiketakoa ostatuan.
    • 12:30. Puzgarriak eta zezen mekanikoa.
    • 14:00. Haurren bazkaria.
    • 14:30. Helduen bazkaria ostatuan.
    • 15:30. Puzgarriak eta zezen mekanikoa.
    • 18:00. Eskalada eta slackline.
    • 19:30. Kale antzerkia, Siroko.
    • 21:00. Herri afaria.
    • 22:30. Bota irrintzia!
    • 23:00. Zezen suzkoa.
    • 23:00. Erromeria, Bide batez.
    • 02:00. DJ Naza.
  • Irailak 9, larunbata
    • 10:00. Diana Lizartzako gaiteroekin.
    • 11:00. Erraldoi txikien erakusketa.
    • 12:00. Lizartza eta Amarotzeko erraldoi eta buruhandien kalejira gaiteroen laguntzarekin.
    • 17:00. Pilota partidak, Aztinondo pilotalekuan. Kadeteak: Perurena-Olano / Gaztañaga-Caminos. Lehen maila: Jaka-Iztueta / Artola-Morgaetxebarria. Sarreren aurresalmenta, udaletxean. Prezioa: 15 euro.
    • 19:00. Sgardo eta pintxo dastaketa.
    • Jarraian. Herri argazkia.
    • 19:30. Erroneria Trikidantz.
    • 21:00. Harakno Streetfood.
    • 23:00. Zezen suzkoa.
    • 00:00. Erromeria, Trikidantz.
  • Irailak 10, igandea
    • 11:00. Diana Lizardi txistulari taldearekin.
    • 11:30. Haurren arteko pilota partidak.
    • 12:30. Dantza soka.
    • 13:00. Otsolar dantza taldearen emanaldia.
    • 16:30. Mus txapelketa herrikoia plazan.
    • 17:00. Ohe elastikoak, apar festa eta aurpegia margotzea.
    • 19:30. Bertso saioa. Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal. Gai jartzailea: Amaia Agirre.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!