Eskola txikien garrantzia aldarrikatzea, eta herri zein auzoetako bizitzan duten eragina azpimarratzea da festa egunaren helburuetako bat; baita eskola txikietako kideak biltzea, eta elkarrekin jai egunaz gozatzea ere.
1997an Lizartzan ospatu zen lehen aldiz Eskola Txikiaren Festa, eta bertan izan zen Gotzone Bengoetxea. Bero handia egiten zuela gogora ekarri du, eta aurten ere halako giro ona izatea espero dute guztiek; izan ere, bigarren hitzorduari eutsiko diote igandean.
Urte guztiko lana izan dela aipatu du Joxean Arruek: «Ikasturte hasieran hasi ginen. Batzuk lan gehiago izan zuten hasieran, eta beste batzuei lana beranduago iritsi zaigu, baina ginga jartzeko prest gaude. Gogo handia dugu, eta, urduritasuna nabaritzen hasia da».
Gauzak honela, igandean ospatuko dute Eskola Txikien Festa bigarrengo urtez, Lizartzan. Honela, herriko zazpi guneetan zehar zabalduko dute festa: lehena eskolan izango da; bigarrena, plazan; hirugarrena, udaletxean; laugarrena, Plazasoron; bosgarrena, frontoian; seigarrena, Zimitorioan; eta, azkena, Irabarreneko zelaian.
10:00etan hasiko da festa plazan, harrera ekitaldiak emango diolarik festari hasiera. Lizartzara gerturatzen direnek 11:00etatik 13:30etara ekintza ugariz gozatu ahal izango dute. Zirko tailerra izango da plazan, jolasak eta eskulanak Plazasoron, Jon Jokai jolasak Zimitorioan, eta puzgarriak Irabarreneko zelaian. Bazkalaurretik Isk&Bila txaranga izango da herrian zehar.
Bazkaria 14:00etan izango da frontoian, eta, horren ostean, bingo musikatua egingo dute. Arratsaldean, festak ez du etenik izango, eta 15:30etatik 17:00etara Zimitorioan patinajea, eta plazan eskalada eta slack line ekintzak egingo dituzte. 15:00etatik 17:30etara, berriz, Irabarren zelaian puzgarriak, Zimitorioan Jon Jokai jolasak, eta Plazasoron aurpegia margotzeko eta trentzak egiteko aukera izango da, baita photocallean argazkiak ateratzeko ere. Amaitzeko, 18:00etatik 19:30ak arte Otsoku eta Pituxa pailazoekin disko festa egingo dute plazan.
Bestalde, Uraren bidea izeneko ibilbidea ere antolatu dute herrian zehar, herriko txoko ezberdinak ezagutarazi asmoz. Herrian zehar margotu dituzten ur seinaleak jarraitu beharko dira horretarako, eta QR kode bat erabiliz, ibilbideko puntu ezberdinetan dauden erronkak gainditzeko jolas interaktiboak egiteko aukera izango da. Uraren bidea egin nahi dutenek astia izango dute horretarako, egun guztian zehar bidea egiteko aukera izango baita.
Lizartzara bertaratzeko, garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute antolatzaileek. Horretarako, Irunzubi industriaguneko pabiloietan utzi ahalko dira kotxeak eta joan-etorriko autobusak jarriko dituzte maiztasun handiz 09:00etatik 20:30ak arte.
Bengoetxeak esker hitzak izan ditu festa antolatzeko lagundu duten guztientzat: «Festa hau antolatzeak ilusio eta ardurak ekarri dizkigu, baina era berean, komunitate hitzaren esanahi osoaz gozatzeko aukera ere bai. Festa antolatzea ez da nolanahiko erronka eta herritar guztien inplikazioa ezinbestekoa dela ikusi da. Horregatik, guraso, ikasle, irakasle, udala, senide eta herritarren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke hau guztia aurrera eramatea. Hemendik gure eskerrik beroena».