ERREPORTAJEA

Eskola txiki, familia handi

Leyre Carrasco 2023ko eka. 10a, 07:59

Gotzone Bengoetxea zuzendaria, Marta Lakunza Haur Hezkuntzako irakaslea, Sebas Goya Lehen Hezkuntzako irakaslea eta Joxean Arrue gurasoa. L.C.

Lizartzako Eskola Txikia herriko altxorra da. 1966. urteaz geroztik, eskolak bizia ematen dio herriari. Eskolak eta herriak elkarren beharra dutela gogoratzeko, urtero ekaineko bigarren igandean festa giroan murgiltzen dira Eskola Txikiak, eta aurten, Lizartzan elkartuko dira.

Eskola Txikiak geroz eta indar handiagoa ari dira hartzen, eskola osatzen duen sarea zabalduz. Une honetan, 27 eskola txiki daude Gipuzkoan, 5 Araban, eta 20 Bizkaian. Horietako bat da Lizartzako Herri Eskola. Gotzone Bengoetxea Lizartzako Herri Eskolako zuzendariak gogoan du garai batean 20 ikasle soilik osatzen zutela Lizartzako Herri Eskola. Une honetan, ordea, 66 ikasle daude, 42 familia guztira; Haur Hezkuntzan 20 ikasle, eta Lehen Hezkuntzan, berriz, 46 ikasle.

Lizartzako ikasleak ez ezik, Orexako eta Gazteluko ikasleak ere Lizartzako Herri Eskolara joaten dira ikastera. Marta Lakunza Lizartzako Haur Hezkuntzako irakasleak aitortu bezala, «lanean hasi nintzenean 24 ikasle etortzen ziren denera Orexatik». Orain jaiotza kopuruak behera egin du, eta inguruko herrietatik etorritako ikasle kopurua ere gutxitu egin da. Hala ere, oraindik orexar eta gazteluar gutxi batzuk geratzen dira Lizartzako Herri Eskolan, eta honen parte izan arren, euren sustraiak nongoak diren uneoro argi uzten dutela kontatu du Lakunzak: «Ipuinak bukatzen ditugunean beti esaldi berarekin amaitzen dugu: 'Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila...' eta hor erretorikan hasten dira: 'Lizartzako plazan!', 'Orexako plazan!', 'Gazteluko plazan!', eta azkenean denek 'Herriko plazan!' esaten dute».



Irakasleei dagokionez, une honetan, eskolan hamalau irakasle daude, eta konstruktibismoan zentratutako metodologia erabili ohi dutela azaldu du Lakunzak: «Fokua haurrengan jarri eta haien beharretara egokitzen gara; ikusten dituzten gauzetatik hasita eta euren esperientziatik abiatuta. Hori ez da gurea, oso hedatuta dagoen metodologia bat da».

 

Marta Lakunza: «Fokua haurrengan jarri eta haien beharretara egokitzen gara»



Garrantzi berezia hartzen dute irakasle berriei zuzendutako formazioak Eskola Txikietan. Lizartzan, berriz, irakasle berri bat lanean hasten denean dinamika azaldu eta hemengo martxa erakusteko denbora «dezente» eskaintzen zaiola aitortu du Lakunzak. Horretarako, duela hiru bat ikasturte harrera protokolo «potente» bat abiatu zutela gehitu du Sebas Goya Lehen Hezkuntzako irakasleak: «Familiei eta ikasleei bideratutako harrera protokoloa eratu genuen, baina baita irakasleei zuzendutakoa ere. Izan ere, irakasle berriek, batez ere, Eskola Txikiak ezagutzen ez dituenarentzat, dena berria izaten da, eta hori zenbait irakasleei ezezaguna edo arrotza egiten zaie eta beldurra eragiten die. Beraz, protokolo horretan nahiko garatuta dago edozein modutan irakasleei denbora eskaintzea dela biderik egokiena».



Irakasteaz gain, ikasteko prest ere badaudela azpimarratu du Bengoetxeak. «Beti irekita egoten gara etortzen diren irakasle berriek eskaintzen digutena edo egiten dizkiguten ekarpen berriak hartzeko. Gure oinarria bai, baina gu ere ikasteko prest gaude». Izan ere, Goyaren esanetan, «Eskola Txikiaren ezaugarrietako bat ere bada txikitasun horretan gertutasuna izatea, giroa gozatu egiten da, eta irakasleen arteko hartu-emana ere ezinbestekoa da».

 

Sebas Goya: «Eskola Txikien ezaugarrietako bat txikitasunean gertutasuna izatea da»



Aniztasuna, inklusiorako bidea

Eskola Txikietan aniztasuna erabat aberasgarria da, eta hori da Eskola Txikiko talde proiektuaren oinarri nagusietako bat. Adin ezberdineko ikasleak elkartzea interakzioa aberasten eta inklusiorako bidea zabaltzen du. Goyak adierazi bezala, «hori eskolan oso barneratuta dugu; izan ere, adin ezberdineko ikasleek beraien artean elkar ezagutzen dute, eta batzuetan lankidetzan edo jolasean aritzen dira. Oso ohituta daude horretara, eta beti bata besteari laguntzen egoten dira. Horrek eragin izugarria du herritarren arteko ezagutza islatu egiten delako eskolan ere».



Hiri edo herri handietan interakzioa erabat galduta dagoela aitortu du Goyak, baina herri txikietan oraindik mantentzen da. «Kanpoan dauden ikasle ohiak ere askotan izaten ditugu eskolan, bisitan etortzeaz gain, irakurketa saioak ere eskaintzen baitituzte. Ikasleentzako gaztetxo horiek erreferentziak diren pertsonak dira, beraz, hori garrantzitsua da».

Eleaniztasun proiektuaren barruan irakurketa plan bat dute Lizartzako Herri Eskolan, eta horren barruan ekintza mordo bat diseinatu dute. Urtean zehar ikasleen familiako kideak etortzen dira jarduera desberdinak egitera; eta aurten gizonezkoen presentzia handia egon dela azpimarratu du Goyak. Horietako ekintzetako bat ikasle ohien irakurketa saioak dira. «Urte guztian motibazio eta estimulu bila ibiltzen gara, baina hori baino estimulu eta motibazio handiagorik ez dago, gure ikasleen irakurketa bultzatzeko eta sustatzeko», gehitu du.

Horrez gain, bestelako proiektuak ere izaten dituzte martxan; besteak beste, bizikidetza edo eleaniztasun proiektua edota digitalizazio plana. Urte hauetan, eskola handiko proiektuak ere uztartzen eta lantzen saiatu direla kontatu du Bengoetxeak: «Eskola txikia izateak ez du esan nahi eskola handiek egiten duten proiektu horien barnean ez gaudenik. Begirada eskola handiagoetan daukagu, hor dagoena ikusi behar dugulako, baina gero gure eskolara egokitu behar dugu, txikitasun honetara moldatu behar dugu».

 

Gotzone Bengoetxea: «Eskola txikia izateak ez du esan nahi eskola handien proiektuen barnean ez gaudenik»



Baso eskola

Natura ikasgelara ekartzetik edota ikasgela naturara zabaltzetik haratago, basoa bera bihurtzen da ikasgela, bere errutina, arau eta edukiekin. Horrela, hotza, beroa, euria edo eguzkia egin Lizartzako Haur Hezkuntzako ikasleak baso eskolara joaten dira, astero. Horretarako, eguraldia dena dela, jantzi bereziak eramaten dituzte. Eskolatik Arrolara iritsi arteko ibilbidea egiten dute herrian zehar. Bi eta bost urte bitarteko ikasleak dira, eta bidetik topatzen dituzten naturaren elementu ezberdinak eta animaliak identifikatzen dituzte, lorpen handiz.



Behin, Arrolara iritsita, korroan eseri eta asanblada moduko bat egiten dute irakasleekin. Bertan, inguruan entzuten dituzten soinuak identifikatzeaz gain, abestu eta ondoren egingo dituzten jolasetarako baldintzak ezartzen dituzte. Hala ere, denek argi dute zer egin dezaketen eta zer ez; zer dagoen ondo, eta zer dagoen oker.



Asanblada bukatuta, ziztu bizian joaten dira jolastera. Batzuk inongo beldurrik gabe errekara sartzen dira, besteek nahiago dute lokatzetan jolastu, eta gutxi batzuk belarretan geratzen dira. Hala ere, denek berdin bukatzen dute: goitik behera bustita edo zikinduta, eta hori gozamenaren seinale da. Tartean, hamaiketakoa jateko parada izaten dute, eta indarrak hartuta, jolasean jarraitzen dute.



Ondo pasatzeko tartea izateaz gain, baso eskola ikasteko modua ere dute. Izan ere, ikasteko modurik praktikoena halako jardueren bitartez lortzen dela diote irakasleek. Jolasean dauden bitartean, inguruan aurkitzen dituzten landareak eta animaliak ikuskatzen dituzte, betiere natura eta haien arteko harremana errespetatuz.

Euskaraz hazi

Euskaraz bizi eta euskaraz hazi nahi duten eskolak dira Eskola Txikiak. Bertako hizkuntzan bizitzeko hautua egiten dute eskolako komunitatea osatzen dutenek, eta euskaraz ikasi eta jarduteko bidean, paper garrantzitsua jokatzen dute Eskola Txikiek.

«Lizartza herri euskalduna da eta eskola euskalduna du. Horrek horrela izaten jarraitu behar du», azpimarratu du Goyak. Hala ere, egoera hori poliki-poliki aldatzen eta zailtzen ari dela-eta, eskola osatzen dutenei kezka sortzen die. Egoera horretan, bi arrazoi nagusi nabarmendu dituzte. Alde batetik, kalitatearen jaitsiera: «Gure ikasleek euskara oso ona etxetik dakarte. Hori ez da eskolaren meritua, familien meritua baizik, eta hori sekulako altxorra da. Baina kalitatea nabarmen jaisten ari da, eta horrek kezkatu egiten gaitu. Gure balore oso garrantzitsua da, zaindu beharrekoa», esan du Goyak.



Eta bestetik, hizkuntzaren erabilera dute beste kezka nagusia, euskara ez den beste hizkuntza batzuk gehiago entzuten hasi baitira Lizartzako kaleetan. Lizartzako Herri Eskolari dagokionez, urte luzez «oasi» moduko bat izan dela esan du Lakunzak, baina egun, ordea, gainontzeko eskoletan bezala, errealitatea aldatzen ari da. Izan ere, Haur Hezkuntzako iazko kurtsoan hamar ikasle azpiko taldea egokitu zitzaion, non bost hizkuntza ezberdin entzun zitezkeen: arabiarra, bereberra, portugesa, gaztelera eta euskara.

Horrekin lotuta, datorren urtean, kulturarteko proiektu batean parte hartuko dutela jakinarazi du zuzendariak: «Beharrak aldatzen ari dira. Guregana beranduago etorri da, baina azkenean iritsi da. Behar hori sentitu dugu, beraz, egoera honekin amaitzeko Lizartzako Udalarekin batera proiektuari ekingo diogu».

Herria bizirik

Eskola Txiki batek herri txiki batek dituen ezaugarriak biltzen dituela aipatu du Goyak. «Herri guztiek identitate propio bat daukate, eta identitate propio hori eskolan transmititu daiteke; izan ere, eskola identitate propio horren parte da. Herriko eskola den neurrian herriko identitate hori transmititzeko instituzioa da».

Adierazpenarekin ados daude Bengoetxea eta Lakunza, baita Joxean Arrue gurasoa ere. «Familia handi bat» bezala deskribatu du eskolaren eta herriaren arteko lotura. Arruek azaldu bezala, «eskolak herriari bizitasuna ematen dio, eskola herri erdian egoteaz gain, umeak herriko plazan egoten dira egun guztian zehar, joan-etorrian, eta herriko paisaiaren parte dira». Era berean, herriko aitona-amonek maiz esaten diotena ekarri du gogora Goyak: «Umeek oporrak hartzen dituztenean giro tristea geratzen da herrian. Tabernarik gabeko herria izango balitz bezala».

 

Joxean Arrue: «Eskolak herriari bizitasuna ematen dio; [...] umeak herriko paisaiaren parte dira»



Eskolatik kanpo egiten dituzten ekintzak gurasoei eta herri osoari zabalduta egoten direla jakinarazi du Bengoetxeak, «eta horrek jendea elkartzera animatzen du. Ez dira ekitaldiak egiten ditugunean soilik etortzen, eta horietan ere ez dira gurasoak bakarrik izaten, herriko jendea ere etortzen da. Herrira irekita dagoen eskola txiki bat da, eta bizia ematen diogu».

Gurasoak izaten dira herri txikietako eskolen beharrak azaldu eta eskakizunak bideratzeko lana hartzen dutenak. Horretarako, Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundea baliatzen dute. 1993. urtean sortu zen hainbat helburuekin medio. Hamaika kidek osatuta ekin zion bideari, eta urtez urte beste hainbat herri eta auzoetako guraso elkarte batzen joan dira, gaur egungo Gipuzkoako 27 Eskola Txikiak osatu arte.



Gurasoen partaidetza ezinbestekoa da eskolako proiektuak aurrera egin dezan, eta bide batez, baita herrian dinamika interesgarriak bideratzeko garaian ere: eskola orduz kanpoko jarduerak antolatuz, guraso-eskolak bideratuz, udalarekin zein herriko beste hainbat eragilerekin harremana sendotuz edota hezkuntza-proiektuan parte hartuz.

Horrekin lotuta, Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundeak gurasoei zuzendutako jardunaldiak antolatzen ditu urtero. Gurasoen formakuntzaren aldeko apustua eginez, 2010. urteaz geroztik antolatzen dira jardunaldiok, hezkuntzarekin lotutako gaiak jorratuz. Formakuntza pertsonalerako eskaintzen dituzten aukerez gain, herri eta auzo ezberdinetako gurasoek elkar ezagutzeko topagune gisa baliatzen dituzte jardunaldiak.



Horrez gain, ez dute laguntza gurasoen aldetik izaten soilik, Lizartzako Udala edo herriko beste eragileen aldetik ere jasotzen du Lizartzako Herri Eskola Txikiak. «Hau da ikas komunitatea; proiektuak elkarlanean egitea, bai gurasoekin, baita udalarekin elkarlanean ere», esan du Gotzone Bengoetxea zuzendariak.

Halaber, gertutasun horrek «formalismo asko» kentzen duela gehitu du Arruek: «Udaleko norbaitekin harremanetan jarri behar dugunean, zuzenean bere zenbaki pertsonalera deitzen diogu, eta ez dugu zertan udaleko harrera zenbakira deitu behar. Egoera hori eskolan ere ematen da».

Erlazionatuak

Eskola Txikien Festa

Leyre Carrasco 2023 eka 10 Lizartza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!