Elkarrizketa

«Haurrek zer pasiorekin jokatzen duten ikustea aberasgarria da»

Imanol Garcia Landa 2023ko mai. 25a, 11:59

Jaka eta Otamendi, III. Hitza PIlota Txapelketan, 2006an.

Erik Jakak (Lizartza, 1994) 2006an jokatutako III. Hitza Pilota Txapelketa irabazi zuen Otamendi amezketarrarekin batera, alebin mailan.

Gogoan duzu 2006ko final hura?

Argazkia erakutsi didazunean etorri zait gogora.

Imaz eta Erostarbe urretxuarren aurka jokatu zenuten.

Erostarberekin gogoratzen naiz. Eta zer edo zer gogoan dut aurreko partidaren bat gogorragoa izan zela finala baino, baina ez naiz gogoratzen zeinen kontra jokatu genuen. Txapelketa polita izaten zen, gainera hemen inguruan jokatzen zena. Ez ziren txapelketa pribatu estiloko gehiegi jokatzen hemen inguruan, eta ederra izaten zen guretzako.

Beste finalen bat jokatu zenuen?

Zehazki ez naiz gogoratzen, baina pentsatzen dut besteren bat ere jokatuko nuela, agian Gallurralderekin. Ez daukat oroitzapen argirik, orduan txapelketaz txapelketa aritzen ginen eta. Argazkia ikusita, 2006ko final hori etorri zait gogora, eta Albizturren jokatuko genuela finala dut gogoan.

Ikusita 2006ko finaletan zeuden pilotarien zerrenda, gerora profesionaletan aritutako hainbat daude: Apraiz, Belloso, Jaunarena...

Hori ederra da. Tolosaldeko herriak elkartzen zituen txapelketa zen, oraingoa bezala, eta orduan eskualdetik kanpo jokatzen zuten pilotariek ere parte hartzen zuten. Horrelako txapelketetan ezagutzen dituzu pilotariak, eta gero horien aurka lehiatzen joaten zara beste txapelketa batzuetan, edo baita institutura joaterakoan eta hainbat herritako ikasleak elkartzerakoan ere topatzen zara beraiekin.

Horrelako txapelketak eta topaketak jokatzeak zer garrantzia du?

Herrian entrenatzen ditudan pilotariek ez dituzte txapelketa gehiegi jokatzen. Nire garaian ere horrelako txapelketa bat izateak etxe ondoan gauza handia suposatzen zuen. Ikusita zer pilotarik parte hartzen zuten, prestigiozko txapelketa zela esan daiteke, eta gauzak ondo antolatzen zirela esan nahi du horrek.

Lizartzan pilota eskolan entrenatzaile aritzen zara.

Bai, hainbat adinetako pilotariekin aritzen naiz. Oso gustura aritzen naiz, eta batez ere disfrutatzen dut ume txikiekin; askotan ispilu bezala ere balio behar digu guri. Haurrek zer pasiorekin eta gozamenekin jokatzen duten pilotan ikustea eta beraiei erakusten saiatzea ere aberasgarria da, bai niretzako eta bai entrenatzaile aritzen den ororentzako.

Horietako batzuk Ataria Pilota Topaketan parte hartzen ari dira, ezta?

Bai, bikote batzuk ari dira parte hartzen. Herrian pilota nahiko osasuntsu dagoela esan daiteke. Gero, 14 urtetik 20 urte bitarte pilotari bakarra daukagu herrian. Afizio gutxiago zegoen tarte bat izan zen, baina egun haurrak ilusioz daude, afizioa dute, eta pilotak eta pilotazaleek hori behar dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!