Eskola Txikien Festako logo berria aurkeztu dute Lizartzan

Leyre Carrasco 2022ko aza. 11a, 20:06

2023ko ekainaren 11n ospatuko da Eskola Txikien festa, eta dagoeneko prestaketa lanei ekin diete Lizartzan.

Eskola Txikien Festaren aurtengo edizioak badu data eta lekua: 2023ko ekainaren 11an ospatuko da, Lizartzan, hain zuzen. Dagoeneko herritarrak buru-belarri jarrita daude egun hori ahalik eta egokien antolatzeko, baita Lizartzako herri eskola ere. Honetarako, ikasleak eta beste eskola txikiak girotzen saiatuko direla azaldu dute antolatzaileek, eta jai egun polit bat antolatzeko eta ospatzeko elkarlana ezinbestekoa izango dela azpimarratu dute: «Esan bezala, festa antolaketa beharrezkoa duen bezala, badu berea duen ezaugarri bat ere. Eskola txikiak elkartu baina, aldi berean, herri bakoitzari bere nortasuna ematen diona, eta hori logoa da».

1996an Lizartzan ospatuko zen Eskola Txikiaren Festarako sortu zuen Josu Garmendia herritarrak logoa. Aurten, ordea, logoa berritzea erabaki dute, eta horren ardura hartu du Amets Esnaola herritarrak: «Guraso elkartetik logoa berritzeko gonbidapena egin zidaten. Beraz, logo zaharra errespetatuz eta bere elementuak oinarri hartuta, egokitzapen bat egin dut».

Haur, guraso eta irakasleen festa

«Dakizuenez, Eskola Txikiak aniztasuna bultzatzen duten tamaina txikiko eskola publikoak dira. Landa eremuan kokatuta daude eta hiru ezaugarri horien ondorioz lan on bat egiteko aukera ugari duten eskolak dira», kontatu du Joxean Arrue guraso eta antolatzaileak.

1988. urtean. Eskola Txikiak bizirik lelopean ospatu zen lehenengo festa Bidegoianen. Eta, geroztik, urtero ekaineko bigarren igandean Gipuzkoako herri txiki edo auzo batean elkartu eta festa giroan murgilduta, herriak eta eskolak elkarren beharra dutela gogoratzen dute. «Umerik gabeko herriak ez baitu etorkizunik, eskolarik gabeko herriak ez baitu bizirik. Eskola Txikiak bizirik, herri txikiak bizirik».

Horrenbestez, ekainean ospatzen duten festa Eskola Txikietako haur, guraso eta irakasleen festa izaten dela azpimarratu du: «Elkar ezagutu eta elkarrekin gozatzekoa, txikitasunaren handitasuna aldarrikatzekoa, gure aniztasuna ospatzekoa».

Urte batzuk igaro dira Lizartzan azken Eskola Txikiaren Festa ospatu zela, eta datorren urtean bigarrengoz izango dugu eskualdean; 2023ko ekainaren 11ean ospatuko da Lizartzan, hain zuzen. Dagoeneko herriko txokoetan «ilusioa» eta «elkarlana» uztarturik sumatu daitezkeela esan du Arruek, eta horregatik, datorren urtean herrian ospatuko duten festarako gonbita zabaldu du.

«Hau guztia antolatzeko eta ekainaren 11a egun borobila izan dadin, lantalde ezberdinak lanean hasiak dira dagoeneko; zerbitzuak, trafikoa, ekonomia, komunikazioa, ikuskizunak eta salmenta dira lantalde hauek. Guztia koordinatu daitezen berriz, talde eragile bat dago, non lantalde ezberdinetako buruek ez ezik, eskolak ere parte hartzen duen», azaldu du. Lantalde hauek irekiak dira, eta bertan parte hartu nahi duen oro ongietorria izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!