Jaka-Zabaletak CaixaBank Masterseko lidergoa eskuratu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko abu. 13a, 09:55
Argazkia: Baiko pilota

Lizartzarrak eta bere bikoteak hirugarren puntua batu zuten atzo Irribarria-Albisuren aurka 22 eta 15 irabazi eta gero.

Los Arcoseko Urantzia frontoian jokatu zuten ostiralean Caixabank Masters txapelketako laugarren jardunaldiko partida, Jaka lizartzarrak Zabaletarekin bikote eginda, Irribarria-Albisuren aurka. 49 minutu iraun zituen partidan 368 pilotakada izan ziren eta gorriek 11 tanto egin eta 10 galdu zituzten. Azkenerako markagailuan aurrea hartu eta 22 eta 15eko emaitzarekin amaitu zuten partida Jakak eta Zabaletak.

Honenbestez, jokatutako lau partidetatik hiru irabazi ditu bikoteak eta hiru puntu eskuratuta Caixabank Masterseko sailkapenaren lidergoan dira. Bigarren tokian dira Altuna IIIa eta Imaz, bi punturekin. Hain zuzen, laugarren jardunaldiko azken partida jokatuko dute Altuna IIIa-Imazek astelehenean Azkoitian Laso-Martijaren aurka.

Pilota jaialdiak

Gaur pilota profesionaleko jaialdia antolatu du Aspe enpresak Leitzan, 18:00etan hasita. Partida nagusian, Altuna IIIa eta Rezusta, Ezkurdia eta Zabaletaren kontra ariko dira. Lehenbiziko partidan, Zabala eta Gaskue, Iker Zabaleta eta Tolosaren kontra ariko dira. Bestalde, Bastidan gaur, Artola eta Albistu, Urrutikoetxea eta Arangurenen aurka ariko dira, udal kiroldegian antolatutako pilota jaialdian.

Bestalde, gaur jokatuko dira  Laboral Kutxa Udako Torneoko ligaxkaren finalerdiak Hondarribian. Aldai-Capellan bikotea Arrizabalaga-Oses bikotearen aurka ariko da; eta Itxaso Erasun zizurkildarra, Garairekin bikote eginda, Etxegarai-Gaminderen aurka jokatuko du finalerdia.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!