Itxaso Erasun Laboral Kutxa Udako Torneoaren finalerdietara sailkatu da

Ataria 2022ko abu. 4a, 11:59

Torneoaren ligaxkaren azken jardunaldiaren ondoren, bigarren amaitu dute pilotari zizurkildarrak eta Leire Garai bikoteak. Abuztuaren 13an Hondarribian jokatuko dira finalerdiak.

Bastidan jokatu da Laboral Kutxa Udako Torneoko ligaxkaren hirugarren eta azken jardunaldia. Itxaso Erasunek, Leire Garairen ordezkoarekin, Nora Mendizabal andoaindarrarekin jokatu du partida eta markagailuan atzetik aurrera eginda, 18 eta 22 irabazi diete orain arte partidarik galdu gabe ziren Amaia Aldai eta Andrea Capellani.

Azkeneko jardunaldiak aldaketak ekarri ditu ligaxkaren sailkapenera eta nahiz eta Bastidan Amaia Aldai-Andrea Capellanek galdu, lehen postuan amaitu dute. Bigarren izan dira Leire Garai-Itxaso Erasun. Bi bikote hauek bi partida irabazi eta bestea galdu dute. Etxegarai-Gamindek azken postuari ihes egin ahal izan diote ligaxkako azken jardunaldian partida irabazita eta Olatz Arrizabalaga-Uxue Osesek amaitu dute azken tokian. Bi bikoteek partida bakarra irabazi dute.

Beraz, erabakita geratu dira Laboral Kutxa Udako Torneoko finalerdietako gurutzaketak. Aldai-Capellan bikotea Arrizabalaga-Oses bikotearen aurka arituko da; eta Garai-Erasun, berriz, Etxegarai-Gaminderen aurka. Abuztuaren 13an jokatuko dira finalerdiak Hondarribian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!