Elkarrizketa

«Ingurunea modernizatu eta indartu dugu, lanpostu berriak sortuz»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mar. 15a, 07:59

Tolomendik bideratzen ditu herri txikietara zuzendutako Leader diru laguntzak, eta hilaren 25ean bukatzen da aurtengo laguntzak eskatzeko epea. 2019an Kimua Group Lizartzako enpresak jaso zuen diru laguntza.

Lizartzan ireki berri dute karga handiak manipulatzeko Kimua Group enpresa, eta bertako langilea da Begoña Zubelzu. 2019an jaso zuten Leader diru laguntza.

Nola izan zenuten Leader diru laguntzen berri?

Nik banuen diru laguntzen ezagutza, baina ez nekien industria sektorerako balio zutenik. Uste nuen turismora eta nekazaritzara bideratuak zirela. Tolosaldea Garatzenen lan egiten duen pertsona baten bidez jakin genuen, eta ikusi genuen bazegoela atal bat enpresa berriak eta enpresak modernizatzeko. Herri txikietan kokatutako enpresek inbertsioak egiteko laguntzak zeudela jakin genuen.

Informazio bila hasi zineten orduan, beraz.

Bai, eta orduan jarri nintzen harremanetan Tolomendiko Imanolekin (Olano). Berak lagundu zidan diru laguntzak bideratzen eta berari esker atera da proiektua aurrera.

2019an eskatu zenuten.

Hori da. Justu pabiloiak erosi behar genituen, eta obra egin behar genuen, hau da, inbertsioak egin behar genituen. Imanolek ea obrekin hasita geunden galdetu zidan, eta oraindik hasi gabe geunden. Orduan, eskatu genezakeela esan zidan. Proiektua aurkeztu genuen, eskaera egin eta onartu egin ziguten. Imanolek berak lagundu zigun genituen aukeretan, eta orduan gutxi gorabehera genituen asmoen gaineko proiektua prestatu nuen. Helburuak zehaztuz memoria bat egin nuen.

Erraza izan da laguntza eskatzea?

Bai. Gauza asko daude egiteko, baina horretara jarri eta ondo ulertuta ez dauka zailtasunik. Azkenean proiektu bat egin behar duzu eta aurreikuspen batzuk. Plan ekonomikoa egin behar da, baina ez da oso zaila.

Merezi du?

Bai, merezi du. Inbertsioak egiteko laguntza da. Guretzako oso-oso garrantzitsua izan da, eta diru laguntza izan da beldurrak ere txikiagoak dira, eta proiektua politago egiten duzu. Hasieran zalantza izan genuen enpresa non kokatu, hau da, herri txiki batera joatearekin zalantza izan genuen. Diru laguntzaren aurretik jada erabaki genuen Lizartzara joatea, eta gaur egun gustura gaude. Gainera laguntza eduki dugu eta zer gehiago eskatuko dugu!

Herri txikietako enpresak animatuko zenituzke laguntza eskatzera?

Herri txikiren batean proiektua baldin badu nik dudarik gabe animatuko nuke laguntza eskatzera. Aktibitate ezberdinak sartzen dira Leaderren, eta herri txikiek puntu gehiago lortzen dituzte. Edozein aktibitate izanda, horrek herriarekiko eta inguruarekiko onurak ekartzen ditu, eta hori baloratzen da. Ingurunea modernizatu eta indartu dugu, hau da, landa gune bat eraberritu dugu lanpostu berriak sortuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!